Tubacexen grebarekin jarraitzea erabaki du ELAk

Erredakzioa 2021eko uztailaren 16a

Tubacexeko langileen mobilizazio bat. / Aiaraldea

Grebaren aldeko erabakia eramango dute astelehenean egingo den komitearen bilerara.

Tubacexeko ELAko afiliatuen herenak grebarekin aurrera jarraitzearen alde egin du, 120 botorekin. Greba uztearen alde soilik bozkatu dute 48 lagunek, eta sei boto zuri izan dira. Batzarra egin dute gaur Laudion, zuzendaritzak langileak lanpostuetan onartuko ez zituela iragarri ondoren zer egin erabakitzeko. 

"Ondorioz, orain arteko bideari eutsiko dio ELAk Tubacexen, bertako sindikatuko langileek hala erabakita, eta berrindartu atera da, jarraitu dezan zuzendaritzaren jarrera ulergaitzari aurre egiten", azaldu dute sindikatutik.

Grebaren aldeko erabakia eramango du atalak orain astelehenean egingo den komitearen bilerara. Era berean, ELAk dei egin die Tubacexi eta Eusko Jaurlaritzari legea errespetatu dezaten, eta konponbidea bila dezaten sententziek esandakoa betearazteko.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago