Abian da Gasteizko lan bilaketa aktiborako anezka berria

Erredakzioa 2021ko uzt. 16a, 12:18
Arabako langabetuei aholku eman eta lana bilatzen laguntzen die anezkak. / AFA

Langabezian dauden 12 emakumek eta 6 gizonek osatzen dute; 35 eta 59 urte bitartekoak.

Gasteizko Conecta Empleo anezka berria abian jarri dute aste honetan, lan bilaketa berraktibatzen laguntzeko helburuarekin, lan orientazioko teknika berrien bitartez. Langabezian dauden 12 emakumek eta 6 gizonek osatzen dute; 35 eta 59 urte bitartekoak dira denak, eta prestakuntza maila desberdinekoak. Zenbait toki hutsik daude eta, beraz, oraindik aukera dago proiektuan parte hartzeko; interesa dutenek lanzaderasconectaempleo.es web orrian edo Ignacio Ellacuria udal zentroan eman dezakete izena.

Cristina Gonzalez Arabako Foru Aldundiaren Enplegu, Merkataritza eta Turismo Sustapenaren Saileko foru diputatuak nabarmendu duenaren arabera, anezken emaitzek erakusten dutenez, enplegurako beste politika aktibo batzuek baino laneratze tasa handiagoak eskaintzen dituzte: "Arabako langabetuek tresna hau erabiltzea nahi dugu, ikusgarritasuna izan dezaten, harreman sareak sor ditzaten, enpresetara bisitak egin ditzaten eta lan bilaketan laguntza dutela senti dezaten".

Parte-hartzaileak astean zenbait egunez bilduko dira era birtualean, hainbat aplikazio informatikoren bitartez, eta era presentzialean, talde txikietan, Gasteizko Udalak lagatako instalazioetan. Bertan, beharrezkoak diren higiene, segurtasun eta gizarte urruntze neurri guztiak beteko dira. Proiektuan parte hartzen duten arabarrek hainbat ekintza egingo dituzte: adimen emozionaleko dinamikak egingo dituzte, lana bilatzeko plan integral bat garatzen eta beren lan arloko helburua fokalizatzen ikasteko; curriculuma eguneratzen ikasiko dute; lan elkarrizketak entseatuko dituzte, hautaketa prozesuetan konfiantza eta segurtasuna hartzeko; zeharkako gaitasunak eta trebetasun digitalak indartuko dituzte; probetxua aterako diete Smartphone-ari eta sare sozialei, linean lana bilatzeko; enplegagarritasun mapak egingo dituzte eta enpresekin harremanetan jarriko dira.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide