Aurtengo auzolandegiak abiatu dituzte, ofizialki

Erredakzioa 2021ko uzt. 16a, 10:30
Gazteak Ermuko Andre Mariaren santutegiaren inguruak txukuntzen ari dira. IREKIA

Laudion, Ermuko Andre Mariaren santutegiaren inguruak egokitzen ari dira. Arraia-Maeztun eta Gaubean ere egingo dituzte aurki.

Bertan zeuden gazteek hamar egun zeramatzaten lanean, baina atzo jaso zuten Jaurlaritzako ordezkarien bisita, eta, hortaz, hedabideen kameren aurrean itxurak egiteko eguna izan zen. 

Izan ere, Ermuko Andre Mariaren santutegia (Laudio) aukeratu dute aurtengo auzolandegien aurkezpen ofiziala egiteko. Laudion ez ezik, Arabaren kasuan, Maeztun eta Gaubean egingo dituzte 2021eko auzolandegiak. Laudion, bi txanda egingo dituzte. Egunotan egiten ari diren lehen txanda hau, eta bigarren bat, nazioarteko bisitariei irekita; azken honetan, ingelesa izango dute hizkuntza gisa. 

Alorreko sailburuarekin eta beste ordezkariekin batera, Laudioko alkatea ere bertaratu zen, eta, nahiz eta erakunde publikoak bidalitako prentsa oharrean haren izenaren arrastorik ez ageri, argazkietan eta bideoan ere aise ikusten da bertan zela Juanjo Hidalgo arkeologoa, eskualdearen ondarea hoberen ezagutzen duen adituenetako bat. 

Laudion, santutegiaren inguruko karobiaren, elurtegiaren eta bidezidorren ingurumena berreskuratzen ari dira 18 eta 26 urte arteko gazteak, eta baita inguru horretaz ikasten ere. Arraia-Maeztun, Korresko San Ildefonso asfaltoen fabrikan berreskurapen arkeologikoan ahaleginduko dira gazte boluntarioak. Azkenik, Gaubean, Villamardones herri hustuaren iturriaren zaharberritzea eta kaleen egokitzapena egingo dituzte. 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide