Taldea goitik behera berrituta

Erredakzioa 2021ko uzt. 14a, 13:12
Iazko jokalari multzotik ia erdiak ez du datorren urtean taldean jarraituko./ Euroleague

Egun batetik bestera Baskoniak bost fitxaketa berri egin ditu, eta iazko jokalari multzoa erabat berritzeko lanak uste baino lehenago bideratuta utzi ditu saskibaloi taldeak.

Ohituta daude baskoniazaleak denboraldi batetik bestera  hamaika aurpegi berri ikusten,  eta irailean etxeko-lanak egin beharrean izaten dira gehienak jokalarien izen berriak ikasten. Zentzu horretan ezer berririk ez datorren denboraldira begira; bost fitxaketa berri egin ditu.

Atsekabetuta zeuden zaletu asko, gainera, telebistari begira emandako denboraldian zorion ugari eskaini dizkieten Henry, Pollonara eta beste zenbaiti agur esan beharko zietenaren jakitun. Baina hori da Baskoniaren izaera, kantxan erakusten dutenetik haratago, jokalari merkeak erosi eta talde handiak etorri bitartean zain egotea besterik ez duena.

Tenore horretan, uda garai luzea espero zitekeen Zurbao aldean, baina azken egunotan ikusitakoaren arabera oporretan joan aurretik Baskoniako bulegoetan lanak bukatuta, edo erdi-bukatuta, utzi nahi izan dituzte aurtengoan. Costello pibota aurrena, Marinkovic jaurtitzailea hurrena, talde handi askok begiz jota zuten Fontecchio hegalekoa jarraian, eta, aurrekoak barneratzeko aukerarik izan aurretik, momentu honetan Europan dagoen joko-antolatzaileen artean onenetarikoa izatera iritsi daitekeen Baldin VI.aren fitxaketa iragarri zituen taldeak. Azkenik,  Buesa Arena pabiloiko uztaiak ondo ezagutzen dituen Granger beteranoaren itzulera iragarri berri du taldeak. Bost jokalari arrapaladan eta, konturatu orduko, taldea goitik-behera itxuraberrituta utzi du Alfredo Salazarren idazkaritza teknikoak.

Ez dira nolanahiko fitxaketak izan gainera, eta ilusioa pizteko balio izan dutela ezin ukatu. Baliteke taldeak jarraitzaileak harmailetan biltzeko behar ekonomikoa ere izatea, eta eskaintza tentagarria egiteak eman lezake bere emaitza.

Teorian, talde sendoa osatu du Baskoniak datorren ikasturtera begira, nahiz eta seguruenik egongo den kromo trukaketaren bat denboraldia hasi aurretik. Abuztuan NBAko diruak Giedraitis preziatua  ostuko dio Baskoniari, seguruenik,  eta ordezkoren bat bilatu beharko du taldeak. Bestetik, Fall erraldoia  etorkizuneko harribitxia izan badaiteke ere, orain arte ez du espero zitekeen mailarik eman eta Euroligako talderen batek dirua  mahai gainean jarriko balu, Kerexetak ez luke arazo askorik izango atea irekita uzteko. Antzeko egoera bizi izan du Diop kapitainak azken urteetan, eta nerabe zela iritsi bazen ere, azkenean negar-malko artean utzi behar izan du bere "bizitzako taldea".

Babesle berria faltan

Jokalariekin gertatu bezala, azken urteetan elastikoan izena jartzen duen babesleen dantza ere agerikoa izan da Baskoniarentzat. Itxuraz, hainbat urtetarako akordioa sinatu zuten iaz gasteiztarrek TDSystems telebista enpresarekin, baina  ordainketetan huts egiteak argudiatuta, taldeak kontratua etetea erabaki du.

Taldeak beharko du diru-iturri  gehigarri hori ere, eta ariko dira honezkero jokalari berri bila.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide