Tubacexek ez ditu berriro hartuko Laudio eta Amurrioko lantegietako kaleratuak

Erredakzioa 2021ko uzt. 14a, 11:01
Tubacexeko langileak Bilbon egindako protesta batean. / Aiaraldea

Tubacexeko zuzendaritzak enpresa batzordeari jakinarazi dio ez diela Laudio eta Amurrioko enpresetatik kaleratutako 129 langileei lanera itzultzen utziko, EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak hala agindu badio ere.

Tubacexeko greba mugababeak dagoeneko 150 egun ditu, eta, pasa den astean, epaileek langileen kaleratzeak baliogabetu bazituzten ere, ez dago batere argi aurrerantzean zer geratuko den. Aste honetan bertan elkartu dira Tubacexeko zuzendaritza eta enpresa batzordea epaiek irekitako agertoki berriaz eztabaidatzeko, eta, aurrerapausuak eman beharrean, are gehiago korapilatu da lan gatazka.

Izan ere, zuzendaritzak batzar horretan iragarri du kaleratutako 129 langileak ez direla beraien lanpostura itzuliko eta langile horien irteera planak banan-banan aztertuko dituela. Jakinarazi du beraien izena eman duela Gizarte Segurantzan, eta etxean izango direla soldata kobratzen, baina ez diela utziko lantegietan sartzen.

Enpresa batzordeak gogor salatu du bere asmoa bilera amaitu aurretik prentsan zabaldu izana eta "aukera galdutzat" jo du Tubacexeko zuzendaritzak hartutako erabakia.

Pasa den uztailaren 6a egun garrantzitsua izan zen Aiaraldean, EAEko Justizia Auzitegi Nagusiko epaileek arrazoia eman zietelako egun horretan Tubacexeko langileei eta baliogabetu egin zituztelako zuzendaritzak Laudioko TTI eta Amurrioko Aceralava lantegietan ezarritako Aldi Baterako Enplegua Erregulatzeko Espedientea (EEE), eta, beraz, baita bi lantegietako 129 kaleratzeak ere.

Justifikaziorik ez

Bi epaiek ez dute onartzen lanpostuak suntsitzea dakarren neurririk, "ez baitago EEEa aurkezteko eta langileak kaleratzeko arrazoi nahikorik". Hortaz, pandemiaren eraginaren aitzakiapean enpresak aurkeztutako EEEak baliogabetzat jo dituzte epaileek, "egoera koiunturala delako eta ez, enpresak argudiatzen zuen bezala, egiturazkoa".

Tubacexeko enpresa batzordeak orduan oso positiboki baloratu zituen epaiak. Haren iritziz, sententziek arrazoia ematen diete negoziazio prozesuan zehar langileek mahai gainean jarritako argudioei: "Sententziak argi uzten du ez zegoela Enplegua Erregulatzeko Espedientea ezartzeko inolako justifikaziorik". Tubacexeko zuzendaritzari sententzietan jasotakoa bete dezala exijitu dio ordutik enpresa batzordeak, epaileek zehaztu bezala: alegia, langile guztiak berriro hartzea, eta euren lanpostuetara bueltatzea, kaleratuak izan aurretik zituzten baldintza berdinekin.

Manifestazioa, Laudion

Aldi berean, orain arte erakutsitako elkartasun guztia eskertzeko eta kaleratutako pertsonak berriz onartzearen alde manifestazioa deitu du gaurko enpresa batzordeak. Mobilizazioa Laudioko Tubacexeko lantegitik abiatuko da, 18:30ean.

Sindikatuek ere sententziak zein zuzendaritzaren erabakia baloratu dituzte. ELA sindikatuaren arabera, epaiak agerian utzi du enpresaren iruzurra. Izan ere, eta horrela jasotzen dute epaiek, Tubacexek "galerak puztu" zituen kaleratzeak justifikatu ahal izateko. "Hau oso larria da, eta oso zorrotz aztertuko dugu, erabakitzeko ea enpresak beste nolabaiteko erantzukizunik ez ote duen". Zuzendaritzaren erabakiaren aurrean, "oso albiste txarra" dela azpimarratu du: "Erabaki honek erakusten du zuzendaritzak gatazkaren hasierako egoerari eustearen alde egin duela".

LAB sindikatuak, bere aldetik, salatu du enpresak ez duela ebazpena bere osotasunean bete. Borrokan jarraitzeko deia ere egin du, "zuzendaritzak bere asmoak bertan behera utzi arte, kaleratuak berriz onartu arte eta EAEko Justizia Auzitegi Nagusiaren epaiei jarritako errekurtsoa bertan behera utzi arte". Bestalde, Eusko Jaurlaritza egin du egoera honen "erantzule zuzena": "Berriro ere, argi geratu da langileen eta eskualde baten interesen gainetik, patronalaren eta haren diru-gosearen alde daudela".

Zuzendaritzaren helegitea

Zuzendaritzaren asmoarekin hasieratik zuhurrak agertu dira sindikatuak. Susmoa izan dute Ezkerraldeko Barakaldon eta Sestaon PCB eta ITP Aero enpresak dituen lantegietan hartutako bide berdinetik joko ote zuen, eta azkenean horrela izan da: 297.2 artikuluaren babesean, "zailtasun ekonomiko larriak" argudiatu, eta kaleratzeak baliogabeak izan arren, langileei lan egiten ez uztea erabaki du. Horrekin batera, irailetik aurrera indarrean dagoen EEE-a luzatzeko beharra ere ikusten du enpresak. Gainera, dagoeneko aurkeztu du EAEko Auzitegi Nagusiaren sententzien kontrako helegitea, Espainiako Auzitegi Gorenean.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide