Santi Bengoa hil da, Euskadiko CCOOko idazkari nagusia izandakoa

Erredakzioa 2021ko uzt. 13a, 14:50
Santi Bengoa, sindikatuko kideekin batera, 2016an, Bartzelonako asanbladan. / CCOO

1988tik 2000ra zuzendu zuen sindikatua; 66 urterekin zendu da, Gasteizen.

Santi Bengoa 1990eko hamarkadan Euskadiko CCOO sindikatuko idazkari nagusia izandakoa hil da, 66 urterekin, Gasteizen, sindikatuak jakinarazi duenez. CCOOk Araba, Bizkai eta Gipuzkoan izan zuen bigarren idazkari nagusia izan zen (1988-2000), Tomas Tuerosen ostean.

Oletan jaio bazen ere, Otxandion (Bizkaia) eman zuen haurtzaroa. Eibarko Armeria eskolan ikasi ondoren, Elgoibarko enpresa batean hasi zen lanean. 1974an, Michelinen hasi zen beharrean, eta Gasteizko Comisiones Obreras sindikatua jarri zuen martxan, artean klandestinitatean.

CCOOren sorrerako lehen asanbladan hartu zuen parte, 1976an (Bartzelona) eta Euskadiko federazioaren lehen kongresuan, 1978an. Hasieratik bertatik ardura eta lidergo postuak izan zituen, harik eta 1988an idazkari nagusi hautatu zuten arte. 2000. urtean, Idazkaritza utzita, Sidenorrera bueltatu zen. 2016an hartu zuen erretiroa.

CCOOk sindikatuaren autonomiaren alde eta barne aniztasunaren alde Bengoak egindako lana goraipatu du. Doluminak adierazi dituzte Unai Sordo Estatu mailako CCOOOren idazkari nagusiak, Loli Garcia Euskadiko CCOOko idazkari nagusiak eta baita Yolanda Diaz Lan ministroak ere. 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide