Ogasunaren diru-bilketa %6,3 hazi da ekainean

Erredakzioa 2021ko uzt. 13a, 13:57
Diru-bilketa metatua 739,6 milioi eurokoa da. / AFA

Diru-bilketa metatua 739,6 milioi eurokoa da; eta enpleguaren eta jarduera ekonomikoaren "gero eta susperraldi handiagoa" islatzen du

Arabako Foru Ogasunaren diru-bilketa metatua 739,6 milioi eurokoa izan da uztailera arte, aurreko urteko aldi berean baino %6,3 handiagoa, eta joera positiboari eutsi dio enplegua eta jarduera ekonomikoa berreskuratzeari dagokionez. "Bizi dugun egoerak eskatzen duen zuhurtzia guztiarekin, datuen azterketak berresten du Arabako ekonomia, pandemia aurreko zifretara iritsi gabe, bere onera itzultzen ari dela, eta horrek enpleguaren eta jarduera ekonomikoaren hobekuntza dakar", adierazi du Ramiro Gonzalez diputatu nagusiak, urteko lehen sei hilabeteetako diru-bilketaren bilakaeraren berri izan ostean.

Gonzalez baikor agertu da 2021erako diru-bilketa aurrekontua betetze aldera. Nolanahi ere, zergak aurkezteko eta ordaintzeko egutegiak ez datoz bat aurreko urtekoekin, eta, ondorioz, datuak ezin dira zuzenean alderatu. 

Zuzeneko zergetan bildutako 4,4 puntu jaitsi arren, nabarmentzekoa da pertsona fisikoen errentaren gaineko atxikipenak %3,3 hobetu direla, 377,7 milioi eurora helduta. Aurreko urtearekin alderatuta, 4,4 puntu jaitsi izanaren arrazoia da kanpaina hasi zenetik arindu egin dela PFEZaren aitorpenen itzulketa. Sozietateen gaineko zergaren metatua %2,1 igo da ekainaren 30ean, eta 31,7 milioi eurokoa izan da.

Bilakaera positiboa

Zeharkako zergek azken bi hilabeteetako bilakaera positiboari jarraitzen diote, ekainean metatua %19,8 igo baita aurreko urtearekin alderatuta. Bereziki, jarduera ekonomikoari dagokionez duen esanahiagatik, BEZaren portaera nabarmendu behar da: 228,1 milioi euro bildu dira, hau da, aurreko urteko aldi berean baino %22,1 gehiago.

Zeharkako zergetan nabarmendu behar da hidrokarburoengatiko diru sarreren susperraldi progresiboa, azken hilabeteetako goranzko joerari eusten diona, 79 milioi euroko diru sarrerekin, iazko ekaineko metatuan baino %24,7 gehiago.

 

 

 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide