Bidean da Urmuga ekimena

Erredakzioa 2021ko uzt. 13a, 09:09

Kulturaz eta mendiaz gozatzeko aukera ematen duen zeharkaldi bat da Urmuga. URMUGA

Hilaren 17an Aramaion egingo du geldiunea: Aramaioko txalapartari, abesbatza eta bertsolariekin batera, Julio Soto bertsolaria eta Eñaut Zubizarreta txelo jolea izango dira Kurtzetan.

Gaur, uztailak 13, abiatuko da Aiaraldeko Gorobil mendilerrotik Urmuga egitasmoa, eta, hemeretzi egunez, Euskal Herria zeharkatuko du, uztailaren 31n Hiru Erregeen Mahaira iritsi arte.

Kulturaz eta mendiaz gozatzeko aukera ematen duen zeharkaldi bat da Urmuga, mendizaleak eta musikariak elkartzen dituena. Iaz antolatu zuten lehenengoz eta izandako harrera bikaina ikusita, aurten ere egitea erabaki dute.

Abenturak irauten duen bitartean, ibilaldiko leku esanguratsuetan, formatu handiko zein txiko hamabi kontzertu izango dira. Et Incarnatus orkestrako musikariak oinarrian direla, Euskal Herriko zein kanpoko hainbat musikariek parte hartuko dute saio horietan, hala nola, Dupla, Gorka eta Nerea Urbizu, Alex Sardui, Olatz Salvador, Nogen, Anari, Chill Mafia, Niko Etxart, Juantxo Arakama (Glaukoma) edo Idoia Asurmendi

Aldaketak eguraldiagatik

Gaur bertan eskainiko dute lehen emanaldia Donostiako Orfeoiak, Mixel Etxekoparrek, Noemi Viana dantzariak eta François Rossék. Baina, eguraldia dela eta, Tologorri mendian 15:00etan egin beharrean, Urduñako Andra Mari elizan izango da, 18:00etan.

Larunbatean, berriz, Kurtzetan, pago zaharraren bueltan ibiliko da Urmuga. Aramaioko txalapartari, abesbatza eta bertsolariek (Manex Agirre eta Xabi Igoa) saio polita eskainiko dute 13:30ean, eta baita Julio Soto bertsolariak eta Eñaut Zubizarreta txelo joleak ere.

Aramaioko pago zaharra

Emanaldia hau ez da edozein tokitan egingo. Aurten, natura zaintzearen garrantziaz ohartarazteko, Urmuga zaindu dezagun izeneko egitasmoa jarri dute abian antolatzaileek, eta, hain justu ere, ikur bezala, Aramaion dagoen pago zahar aukeratu dute. Antolatzaileen esanetan, Kurtzeta inguruan dagoen pago honek 250 urte inguru ditu eta bere gerri-inguruak 4,50 metro ditu. Osasunez ondo badago ere, Urmugakoen arabera, nabarmena da zaintza "partekatua" behar duela, Aramaioko Udala, Araba eta Gipuzkoako Aldundiak, Jaurlaritza eta norbanakoaren artekoa.

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago