Iaz bezala, Gasteizek Andre Maria Zuriaren plazarako eta haren ingururako sarbidea itxiko du. Hala iragarri du Gorka Urtaran hiriko alkateak, aurten "zoritxarrez ospatu ezin diren" jai herrikoien hasiera ospatzeko saiakerak eta pilaketak saihesteko asmoz.
Alkateak iragarri du "Udaltzaingoaren eta Ertzaintzaren presentzia indartuko" dutela, baina argi du "ahalegina herritarrek" egin behar dutela. "Botiloiak saihestea kontzientziazio sozial handiagoarekin lortzen da, eta ez Poliziaren presentzia handiagoarekin, ez baitu bermatzen botiloiak edo pilaketak gertatuko ez direnik".
Hori dela eta, Urtaranek "erantzukizun kolektiboa eta indibiduala" eskatu du, eta "ahalegin handiagoa" egin behar dela arriskuak eragin ditzaketen pertsonen metaketak saihesteko eta kutsatzeak ez areagotzeko.
Halaber, uda honetarako aurreikusita dagoen kultur programazioa "unean uneko errealitatera egokituko da", eta osasun egoerak baldintzatuko du. "Parametroak onargarriak badira" ospatu ahal izango da, edo pandemia "okerrera badoa" berrikusiko da.