Pandemiaren ondorioz iaz bertan behera geratu ondoren, Vital Fundazioak eta Esklerosi Anizkoitzaren Arabako Elkarteak Busti Zaitez kanpaina egin zuten atzo. Arabako hainbat igerilekutan izan zen; tartean, Gasteizko Estadio Fundazioko eta Mendizorrotzeko instalazioetan eta Aldaieta Klub Nautikoko igerilekuan egin zen.
Esklerosi anizkoitza jasaten duten pertsonekiko sentsibilizazio eta elkartasun kanpaina da Busti Zaitez. Urtero, uda partean antolatzen dute, orain dela hogeita hiru urtetik hona. Parte-hartzaile bakoitzak nahi dituen metroak egiten ditu igerian, eta ekimena amaitzean, esklerosi anizkoitza duten pertsonei laguntzeko ekintza sinboliko batean igeri egindako metro guztiak zenbatuko dira. Bildutako dirua gaixotasuna duten pertsonentzako errehabilitazio-zerbitzuak finantzatzeko bideratuko da.