LABek deituta, mobilizazio bat egin dute Gasteizen Arabako zurgintzarako hitzarmen duin bat aldarrikatzeko. Mobilizazioa Arabako patronalaren egoitzaren aurrean egin dute, SEA, Zurgintzako hitzarmena zergatik ez? lelopean.
Arabako zurgintzako hitzarmenaren negoziazioak aurrera jarraitzen badu ere, LABek salatu du SEAk ez diela erantzun nahi sektoreak dituen arazo nagusiei. Uste du hitzarmenak, besteak beste, lanaldiaren jaitsiera eta bajetako osagarrien hobekuntzak jaso behar dituela eta aldarrikapen horiek, hain zuzen, eraman dituzte patronalaren egoitzaren aurrera. "Kontuan hartu behar da zurgintzako lanaldia Arabako industriako sektorearen handiena dela eta langileek soldataren zati handi bat galtzen dutela bajan egonda, nagusiki lehenengo egunetan". Gainera, lan istripu larria edo oso larria pairatu duten langileei "zigortzen" zaiela salatu dute, 10. hilabetetik aurrera osagarria kenduta. Sindikatutik esan dute sektoreko langileen aktibazioa defendatzen dutela eta mobilizazio eta ekimen bateratuak antolatuko dituztela beste sindikatuekin batera.