Landa eremuan ezin da surik egin

Erredakzioa 2021ko uzt. 9a, 10:16
Irailaren 19ra arte egongo dira zigilatuta parkeetako barbakoak.

Diputazioak sua egitea debekatzen duen agindua onartu du.

Suteak gertatzeko arriskua saihesteko asmoz, debekatuta dago sua erabiltzea edozein motatako landa lurretan, mendi publikoetan edo partikularretan, parke naturaletan, probintziako eta tokiko aisialdi parkeetan eta errepideetako atsedenguneetan. Debekatuta dago, aldi berean, erretegiak, barbakoak edo sua egiteko edozein instalazio eramangarri edo finko erabiltzea.

Ohikoa den bezala, hainbat salbuespen daude. Hormak eta tximinia dituen fabrika obrako eraikuntzari esker, Amurrioko San Roke parkean, Artziniegako La Encina parkean, Laudioko Santa Ana auzoan, Bastidako San Gines auzoan, Izarrako Ostuño auzoan eta Kanpezuko Santa Cruz auzoan dauden erretegiak erabiltzeko baimena ematen da.

Irailaren 19ra arte

Diputazioak gaur bertan argitaratu du debekua jasotzen duen foru agindua. Hasiera batean, irailaren 19ra arte egongo da hori indarrean, baina epea aldatu ahal izango da eguraldiak hala eskatzen badu.

Onartu berri duen aginduaren arabera, debekua betetzen ez duenak, gehienez ere mila euroko isuna jaso ahalko du, eta eragindako kalteak ere ordainduko ditu.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide