Jakina zen Baskoniak talde goitik behera itxuraberritu beharra izango zuela aurtengoan. Gaitasun ekonomikoaren kezka tarteko, eta Europako talde handiak jokalari entzutetsuen izenak iragartzen aritu diren bitartean, Zurbaoko bulegoak lanean isilean ari dira azken egunotan. Eta, itxuraz, lan neketsu horren emaitza jasotzen hasiak dira gasteiztarrak.
Egun gutxitan, Costello hegal-pibotaren fitxaketa iragarri ostean, Baskoniak Marinkovic hegalekoa fitxatu berri zuela iragarri zuen lehendabizi. Ondoren, eta oraindik taldeak ofizialki ezer iragarri ez badu ere, Alba Berlinek Fontecchioren irtete klausularen ordainketa jaso zuela iragarri zuen. Zurrumurru guztien arabera, 25 urteko italiarrak Gasteiz izango du helmuga. Kontutan izanda, iazko denboraldian, Giedraitis Berlinetik modu beretsuan fitxatu zutela gasteiztarrek, zurrumurruek egi bihurtzeko itxura nabaria dute.
Bolbora, hiruko marratik
Oraingoz, taldeak ongietorria Vanja Marinkovi hegaleko serbiarrari egingo dio. 24 urteko gazteak bi urte eman ditu Valentzia aldean, emaitza txarrarekin. Minutu gutxi jokatu ditu azken denboraldian eta ustez duen etorkizun itxaropentsua apaldu egin da azken boladan. Valentziak uko egin zion jokalariaren kontratua berritzeari eta Baskoniak batere ordainketarik egin gabe ekarri ahalko du Gasteizera.
Jokalari gaztea da serbiarra eta jaurtitzaile bikaina izateaz gain, bestelako dohaiak ere badituela erakutsi zuen Belgradon aritutako urteetan. Profesionaletan arituta lehen urte horiei esker NBAko draft-ean aukeratua izateko aukera izan zuen jokalariak, eta horrek jokalariak eman dezakeen maila antzematen lagundu dezake.
Profil honek iaz Baskoniak pairatu zuen gabezia bat estaliko du, eta taldearen perimetroko jokoa berregituratzeko lehen pieza izango da. Jokalari gaztea izaki, taldearekin sinatu berri dituen hiru denboraldietan ikusi beharko da bere ustezko gaitasunei zukua ateratzeko gai izango ote den.