Ipuin-bildumak sarituko ditu Ignacio Aldekoa lehiaketaren gaztelaniazko modalitateak

Erredakzioa 2021ko uzt. 8a, 16:54
Ignacio Aldekoa sariek nobedadearekin datoz. ALEA

Ostiral honetan argiratatuko ditu Aldundiak Ignacio Aldekoa eta Ernestina de Champourcin lehiaketen oinarriak; parte hartu nahi dutenek abuztuaren 20ra arte izango dute horretarako aukera.

Arabako Foru Aldundiko Kultura eta Kirol Sailak Ignacio Aldekoa ipuin lehiaketaren eta Ernestina de Champourcin poesia lehiaketaren aurtengo deialdiak argitaratuko ditu ostiralean. Aurten, lehenbizikoz, Ignacio Aldekoa ipuin lehiaketako modalitate bakoitzak deialdia eta oinarri propioak izango ditu, hizkuntza bakoitzaren errealitate soziolinguistikoa kontuan hartzeko asmoz. Ana Del Val Kultura diputatuak adierazi duenez, "gai hori bi epaimahaiekin eta literaturan, hizkuntzalaritzan eta edizioan adituak diren editoreekin aztertu da".

Hortaz, aurten 50. edizioa izango duen Ignacio Aldekoa sariaren gaztelaniazko ipuin lehiaketaren kasuan, lehiakideek gutxienez 20.000 hitzeko ipuin-bilduma bat aurkeztu beharko dute, eta bildumako ipuin bat aukeratu beharko dute lehiaketarako. Epaimahaiak, zalantzarik izanez gero, bilduma osoa aztertu ahal izango du, erabakia hartzeko. Modu horretan, hautagaien kopurua mugatu nahi dute, aurreko urteetan mila inguru lan aurkeztu baitziren. "Batez ere, lanak bilduma batean, ibilbide komertziala izango duen liburu batean, argitaratzea da helburua", azpimarratu du diputatuak.

Saritutako lana eta lehiaketara bidalitako ipuin-bilduma argitaratuko ditu Arabako Foru Aldundiak, argitaletxe ospetsu batekin batera. "Helburu nagusia lehiaketari bultzada ematea da, eta nazioartean sustatzea", adierazi du Del Valek.  Alicia Gimenez Bartlett, Manuel Vilas, Sara Mesa eta Antonio Altarriba dira epaimahaiko kideak. Irabazleak 6.000 euro jasoko ditu.

Euskarazko edizioa, bere horretan

Bestalde, aurten 42. edizioa egingo duen Ignacio Aldekoa euskarazko ipuin lehiaketaren oinarriak 1980az geroztik izan diren berberak izango dira. Lehiakideek 10 eta 25 orrialde arteko ipuina aurkeztu beharko dute, Arial 12 edo antzeko letra motan idatzita, eta ipuinik onenak 6.000 euroko saria irabaziko du. Epaimahaikideak Katixa Agirre, Alex Gurrutxaga eta Iban Zaldua dira.

Azkenik, Ernestina de Champourcin poesia lehiaketaren 31. edizioa izango da aurten. 1994az geroztik egin den bezala. 500 eta 700 bertso arteko poema sorta aurkeztu beharko dute lehiakideek; eta epaimahaiak kategoria bakoitzeko onena aukeratuko du, eta bakoitzak 2.000 euro jasoko ditu. Epaimahaia Rosa Lentinik, Angel Errok eta Kepa Muruak osatuko dute.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide