Uda bizitzeko, makina bat proposamen

Erredakzioa 2021ko uzt. 8a, 10:00

Ilarduiako La Leze inguruan denetariko txangoak eta kirolak praktikatu daitezke uda honetan. ARITZ MTZ. DE LUNA

Pandemiaren garai latzena gainditu eta mugak behin zabaldu ostean, badira asko Arabatik kanpo bidaiatzeko gogoz daudenak; bada, ale berezi honetan, herrialdeko txoko bitxiak deskubritzen dizkizuegu, edozein garaitan gozatzeko.

Zortzi lagunen eskutik, Arabako bira egiteko proposamen andana dakarzkizuegu. Udan zehar egiteko aproposak diren txangoak dira; edo aste hauetan herrialdetik kanpo ibili nahi direnentzako, udazkenean ere gozatzeko modukoak. Gorde, beraz, ale berezi hau etxeko aldizkaritegian, eta sofan botata zer egin jakin gabe zaudetenean, animatu eta cicerone lanak egitera animatu diren lagunen txoko txukunen artean bat aukeratu. Ez da erraza izango.

Herrialdeko hiriburutik hasita, Ane Gebara ipuin-kontalariarekin Gasteizko Alde Zaharrera hurbildu gara. Auzolanean garbitu duten Eskoriatza Eskibel jauregiko lorategian hasi da bisitaldia. Aiaraldera jo dugu, ondoren, eta Txani Rodriguez idazlearen eskutik Laudio eta Amurrio arteko Nerbioi ibaiaren ertzetik ibili gara. Aiaraldetik Añanara salto eginez, Askoa Etxebarrieta La pulga flamenko-dantzariak Kuartangora eraman gaitu. Arkamuko mendilerroan dagoen Montemayor mendira igotzeko bidea eta bistak nabarmendu ditu. Kuartangotik zuzenean abiatu gara Gorbeialdean Blanka Gomez de Segura buztingileak duen ametsa ezagutzera: Ollerietako Euskal Buztingintza Museotik gertu agertu berri den Zubibarri zubia eta Keturako gotorlekuak batzen dituen bidea.

Lautada zeharkatzen duen 122 kilometro inguru dituen ibilbidea prestatu du, berriz, Lourdes Oiarbide txirrindulariak, etapatan zatikatzeko. Eta ohiko ibilbideetatik aldentzen den proposamena ere ekarri du Erdi Aroko Araba elkarteko arte historialari Isabel Mellenek Mendialdean, Kontrastan hasita eta Antoñanan bukatuta. Trebiñuko bazterretan, Antton Bastero txotxongilolariaren eskutik ezagutu ditugu Baxauriko frontoiaren sekretuak eta bitxikeriak. Eta azkenik, Arabako Errioxan, Orlando Arreitunandia bertsolari eta enologoak Bastida inguruko txokoak deskubritu dizkigu.

Erlazionatuak

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago