Koronabirusa

Ostiraletik aurrera, 16 eta 29 urte bitartekoek txertatzeko hitzordua hartu ahalko dute

Erredakzioa 2021ko uzt. 6a, 13:30

Arabarren txertaketa masiboa aurrera doa Lakuako txertodromoan. / ALEA

Ostiral honetatik aurrera, 16 eta 29 urte bitarteko pertsonek txertoa jartzeko hitzordua hartu ahal izango dute Osakidetzaren webgunearen bidez. Aukera hori zabalik izango da uztail eta abuztu osoan zehar.

Txertaketa aurrera doa EAEn, geroz eta erritmo bizkorragoan, bere erritmoa iristen diren dosien araberakoa bada ere. EAEko biztanleriaren erdiak baino gehiagok lortu du dagoeneko txertaketa pauta osoa betetzea, eta hamar pertsonatik zazpik gutxienez dosi bat hartua dute.

"Berri onak" ospatu ditu Osasun sailburu Gotzone Sagarduik, eta gaurko Gobernu Kontseiluaren ondorengo prentsaurrekoan azaldu ditu txertaketaren bilakaeraren inguruko azken datuak. Alde batetik, uztailean amaituko da 60 eta 69 urte bitarteko pertsonen pauta osoko txertaketa; izan ere, 115.000 pertsona daude bigarren dosiaren zain. Bestalde, datorren astean itxiko da funtsezko langileen txertaketa aldia.

Bitartean, aste honetan 39 eta 30 urte bitartekoen txertaketan murgilduta dago Osakidetza. Horien artean %35 inguru dira lehenengo dosia hartua dutenak. 49 eta 40 urte bitartekoen kasuan, %80k hartu dute jada lehenengo dosia. Gaur bertan aktibatu da txertaketarako hitzordua hartzeko aukera 1989. urtean jaiotako herritarrentzat (31 eta 32 urtekoak). 

Azkenik, hurrengo urratsa ere azaldu du Sagarduik: ostiralean, Osakidetzak bere webgunean hitzordua hartzeko aukera zabalduko die 16 eta 29 urte bitartekoei. Aukera hori zabalik izango da uztail eta abuztu osoan zehar. Sailburuaren ustez, neurri horrek aukera emango du agendak optimizatzeko eta 16 urtetik gorako pertsona guztiek uztailean eta abuztuan txertorako zita hartu ahal izateko.

Aktibatuta dauden adin tarteetako herritarrek, Covid-19aren aurkako txertoa jartzeko hitzordua eskatzeko aukera dute Osakidetzaren webgunearen bitartez edo 900 20 30 50 telefonora deituz.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago