Ohiko legez, uda beroa biziko dute Zurbaoko bulegoetan. Jokalari askok taldea utziko du denboraldia bukatu ostean, eta taldea berregituratu eta jokalari multzo lehiakorra osatzeko lanetan burubelarri aritu beharko dira Alfredo Salazar eta konpainia.
Bilaketa sakon horretako lehen emaitza gaur goizean iragarri du taldeak. Matt Costello izango da zerrenda horretako lehen izena. 27 urte eta 2,08 metroko garaiera duen jokalariak hiru urterako kontratua sinatuko du talde gasteiztarrarekin.
Zurrumurruak ohiartzun handia izan du azken asteotan eta gaur goizez gauzatu da azkenik. Kanaria Handian azken bi urteetan maila ona eman ostean, Baskoniak bere irtete klausula ordaindu du (70.000 euro inguru) eta iraupen luzeko kontratua sinatu dute bi aldeek.
Baskoniak jokalariak izan dezakeen bilakaeraren aldeko apustua egingo du modu horretan. Izan ere, gaur egun atzerritar fitxa beteko luke jokalariak, baina kontratuaren iraupena kontutan izanda, askok egintzat jotzen dute jokalaria "cotonou" pasaportea lortzeko tramiteak egiten dagoela.
Costellok iazko denboraldian taldeak zuen gabezia bat estali dezake. Jokalari handia izanagatik, eskumutur fina dauka distantzia luzean eta gogoko du Baskoniak ohiko duen kontraeraso joko azkarra. Diop kapitainak taldea utzi ondoren, barne joko aberatsagoa izan dezake Baskoniak Costellori esker.