Edizio berezia ospatu du aurten Hizkuntza Gutxituetako Hiztun Gazteen HIGA topaketak. Aurrez aurreko topaketa ekainaren 11n egin zuten arren, formatu telematikoa ere izan du, e-GA lehiaketa antolatu baitute.
Esketxak, abestiak, bidaia-bitakorak, errezetak, biografia linguistikoak, poesia... munduko bazter askotako gazteek hizkuntza lankidetzako hainbat proiektu aurkeztu dituzte, eta orain, horietako bost saritu dituzte antolatzaileek. Horrekin batera, aurkeztutako beste proiektuak ere sarean daude ikusgai.
Lehiaketaren helburua komunitate ezberdinen arteko hizkuntza lankidetzari buruzko proiektu bat sortzea zen, edo beste hizkuntza komunitate bati buruzkoa. 35 urte arteko gazteek parte har zezaketen, ahal zela, beste hizkuntza komunitate bateko gazteekin lankidetzan. Lanaren formatua guztiz askea zen, eta hizkuntza gutxitu batean egina izan behar zen, baita e-GAko hizkuntza ofizialetako batean ere (euskara, ingelesa edo gaztelania).
Saritutako bost proiektuak
- 1. saria. Biografia linguistikoa: Basa: Hizkuntzen oihana zaintzeko auzolana. Euskararen eta kichwaren arteko lotura: hizkuntza eta lurra, iragana, orainaldia eta etorkizuna, Arawi Ruiz Villacis eta Miren Uriarte Cresporen eskutik.
- 2. saria: Kurdistanera bidaia-bitakora. Elkarrizketa eta elkargune. HIGAn ezagutu zuten elkar Morgane Lincy-Fercot eta Amaia Orbe Barrio egileek, eta Kurdistanera joatea erabaki zuten handik gutxira. Bidaia horretan lehenengo pertsonan bizitakoa kontatu dute.
- 3. saria: Erabili euskara, kontxo! Euskaraz ez dagoela irainik? Ez duela edozertarako balio? Sketch barregarri honetan Helsinkitik jaso dugu galdera hauei erantzuna. Araitz Claramunt Oregi, Kayleigh Karinen, Maria Protassova, Tero Nieminen eta Tuulia Suvantoren eskutik.
- 4. saria: MintzoCa. Maragda Palau eta Ainhoa Moronen proiektuak nork bere biografia linguistikoa sortzeko proposamena luzatzen du, eleanitza den etxe baten bitartez.
- 5. saria: Gu gara hizkuntza abestiak hizkuntza zer den azaltzen du, hiru hizkuntzatan (Yucatango maya, Espainiako zeinu hizkuntza eta euskara), Yazmin Novelo, Daniel Fernandez-Ferreiros eta Josu Pedruzoren eskutik.
Saritutako bost lankidetza proiektu horiez gain, bestelako ideia interesgarriak atera dira aurtengo e-GA topaketetatik, eta dagoeneko ikusgai daude HIGA egitasmoaren webgunean.