Maddi Barber eta Marina Lameiroren 'Paraíso' aurkeztu du Artiumek

Erredakzioa 2021ko uzt. 2a, 13:52
'Paraíso' filma aurkeztu dute Z Aretoan. / Artium

Eraldatzen ari den lurralde bat esploratzen du Z aretoa programaren barruan aurkeztutako filmak.

Maddi Barber eta Marina Lameiro zuzendarien Paraíso film berriaren estreinaldia aurkeztu du Artium museoak, Z Aretoa programaren barruan. Lan berrian, eraldatzen ari den lurralde bat esploratu dute zuzendariek; hain zuzen ere, nekazaritza-jarduera bertan behera utzi eta hainbat hamarkadara bizilagunak berreskuratzen saiatzen ari diren eremu bat. Barberrek eta Lameirok filmazioa eta teknologia digitalak erabiliz lortutako irudiak uztartu dituzte; eta, erakusketa honi loturik, Artiumek argitalpen bat plazaratu du Maria Palacios Cruz komisario, irakasle eta irudi mugimendudunari buruzko ikertzailearen testua duena. Z Aretoa programaren komisarioa Garbiñe Ortega da.

Ilunpetan hasten da filma; emakumezko ahots bat entzuten da, ikusten dituen edo ikusten utzi zaizkion irudiak deskribatzen ari dena. "Heriotzari erreferentzia egiten diotela ulertu du emakume horrek, baina ez dago tristurarik edo laztasunik irudi horietan. Dena da gauzen ordena naturalaren parte: bereizezinak dira bizitza eta heriotza. Aurrerago jakingo dugu emakumea deskribatzen ari den irudi horiek baso batean moztear diren zuhaitzen ahotsak direla", azaldu du Maria Palacios Cruzek. 60ko hamarkadan, hainbat herri gelditu ziren abandonatuta Artzibarren, eta Nafarroako Gobernuak pinuak landatu zituen garai batean laborantzarako edo animaliak bazkatzeko erabilitako larreetan. Handik 50 urte baino gehiagora, herri horietako batean erabaki dute pinuak bota eta larreak berreskuratzea, nekazaritza-jarduerari berriro heltzea eta biztanleek landa-eremutik hirietara alde egin ahala desagertzeko zorian egon zen bizimodu bat berreskuratzea. Hango biztanleek El Paraiso (Paradisua) deitu izan diote betidanik eremu horri.

Maddi Barber eta Marina Lameirok 16 mm-ko errodaje analogikoa eta haren testura berezia eskaner bidez atzitako paisaien hiru dimentsioko irudi digitalekin konbinatu dituzte. Erakusketan, filma ez ezik, mapa topografikoak eta ortofotografiak ikus daitezke, hainbat garaitakoak, Artzibarko lurraldearen hurrenez hurreneko eraldaketen erakusgarri, baita filma errodatu duten eremuan bildutako laginen herbario bat ere. Basoko soinuen memoria biltzen duen soinu-pieza batek osatzen dute proiektua.

Paraíso Maddi Barberrek eta Marina Lameirok lankidetzan sortutako lehen proiektua da. Bai Barber bai Lameiro zenbait talde-prozesutako eta partaidetza-ekimenetako partaide izan dira aurrez, baina Paraíso ez da hainbeste beren jarduera artistikoen arteko trukea, Lakabe inguruko basoetako biztanleekiko (eta biztanleen arteko) truke humano eta ez-humano bat baizik; bazkarako larreak eskuratzearren moztuko dituzten zuhaitzek kontatutako istorio bat.

Marina Lameiro eta Maddi Barberrek lankidetzan sortutako lehen proiektua da. / Artium

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide