Lautadako ALEA

Garbitegietako isilekoak

Lourdes Lekuona 2021ko uzt. 7a, 10:00

"Garbitokiak herrien bizitzaren, garapenaren eta bilakaeraren lekuko ziren"

Orain dela egun batzuk Zalduondoko Udala eta herriko kultur elkarteak herriko garbitokia, garbitegia edo latsarria azkenengoz erabili izan zuten emakumeei omenaldia egin zieten. Ekitaldia antolatzearen zergatia: garbitegiak gure ondare arkitektonikoa dira. Honek esan nahi du zaindu,  mantendu eta eraberritu behar ditugula gure herriko historia eta memoria zati bat direlako. 

Herri gehienetan XIX. mende hasieran eraiki ziren garbitokiak, eta premiazko elementu bihurtu ziren, zerbitzu publikoa ematen baitzieten herritarrei. Belauniko lan egitetik aurrerapausoa eman bazuten ere, arropa garbitzearen lanak oso lan fisiko nekosoa izaten jarraitzen zuen: prozesu luzea, zama handiak garraiatu eta altxatzearena, etengabeko hotza eta hezetasuna…

XX. mendean, ur-korrontea etxeetara iristean, garbitegiak erabiltzeari utzi genien, gehienok. Ondorioz, desagertu egin dira herri askotan. Zalduondon, baina, mantendu egiten dugu, nahiz eta jada ez den garbitzeko erabiltzen, biltzeko leku gisa erabiltzen baita, gazteena batez ere.

Ondare arkitektonikoa ez ezik, giza ondarea ere nabarmendu nahi dugu. Bereziki emakumeen lantokiak ziren garbitokiak, gaixotasunei aurre egiteko higieneak zuen garrantziaren jakitun zirelako lixiba-lanak berebiziko ataza bihurtu ziren. Eta, beste behin ere, zainketa lana, emakumeen bizkarrera erori zen.

Garbitegikoa premiazko lana izan arren, gizarteak bigarren mailako lan moduan ikusi izan du beti, ekoizpen lana ez izateagatik. Hala ere, irudika dezagun une batez zein lan fisiko gogorra izan behar zuen negu hotzean.

Garbilekuek funtzio sozial garrantzitsua betetzen zuten. Lixibarako tokia izateaz gain, harreman guneak ziren. Bertan emakumezkoak baino ez ziren biltzen. Garbitu bitartean, kultura transmisioa ere egiten zuten, esaerak esaten zituzten, elezaharrak kontatzen, kantatzen, barre egiten, baina batez ere, hitz egiten zen, eta norbere kezka, arazo eta gogoetak partekatzen zituzten, lanik gogorrenak ere partekatu bitartean. Zalduondoko emakumeek esaten dutenez "Garbitokian esaten zena, garbitokian geratzen zen". Garbitokian ez zegoen gizonik. Toki hauen erabiltzaileak andrazkoak baino ez izateak moral matxistaren kritikak eta mespretxuak eragiten zituen.

Garbitokiak herrien bizitzaren, garapenaren eta bilakaeraren lekuko ziren.

Hamaika aldiz pasatu naiz bertatik, Zalduondoko garbitokitik, beti garbitokia besterik ez nuen ikusten; orain, berriz, ondarea, sororitatea eta elkargunea ikusten dut.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago