Ainhoa Georgina Delika

"Nire lana zaldia belarri puntetatik buztanera perfektu egotea da"

Jon Rejado 2021ko uzt. 3a, 08:00

Azken urteetan zaletasuna ogibide bilakatu du Delikak. / J. Rejado

Zaletasuna ogibide bihurtu du Ainhoa Delikak: Andrew Hoy zaldiko australiarraren zaldizaina izateko kontratatu berri dute, lau urterako. Tokioko Olinpiar Jokoetara joateko tramiteetan sartuta dago buru-belarri, denboraren kontra; brexit-a zailtzen ari da prozesu hori guztia.

Urte batean goitik behera aldatu da Ainhoa Georgina Delika Challisen (Gasteiz, 1998) bizitza. Duela urte bat Durangon zegoen, bertako zalditegi batean lanean. Une honetan Australiako Hipika selekzioarekin Tokioko Olinpiar Jokoetara joan ahal izateko azken tramiteen zain dago. Haurtzarotik zaldiekin lotuta egon da Delika, eta azken urteetan bere zaletasuna ogibide bihurtu du, munduko onenekin lan egitera heldu arte. Une honetan Frantziako iparraldeko zalditegi batean dago, epe laburrean egin beharko dituen lanak are hobeto ikasteko. Bertara joan aurretik ALEArekin hitz egin du bere egoeraz.

Australiako zaldiketa selekzioarekin Olinpiar Jokoetara joateko prestaketekin ari zara. Nola da hori?

Beti egon naiz zaldiekin lotuta. Ikasiz joan nintzen, lehiatzeko azterketa guztiak pasa ditut… Azken urteetan zaldiekin egin dut lan: hemen, Durangon, Haron (Errioxa, Espainia), Madrilen… Azken leku horretan Manuel Senrarekin egon naiz lanean, urte hasieratik; Espainia mailako puntako zaldikoetako bat. Urtarrilean joan nintzen, proba egiteko; poliki-poliki ikasteko eta gero eta ardura gehiago hartzeko.

Eta horretan ari zinela heldu zitzaizun Australiako Hipika selekzioko aukera.

Apirilean amaren lagun batek iragarki bat bidali zidan, zaldien zaintzarekin lotuta. Madrilen oso gustura nengoen, baina iragarkian zetorren helbidera idaztea erabaki nuen. Erantzuna jaso nuen gutxira. Eta mezu batzuen buruan hitz egiteko geratu ginen. Ez nuen pentsatzen ezer serioa izango zenik; bilera atzeratzeko ere eskatu nuen, pentsa. Jakin izan banu noren izenean deitzen zidaten…

Noren izenean deitu zizuten?

Andrew Hoy-ren izenean! Mundu mailako zaldiko onenetako bat! Elkarrizketa bere bikoteak egin zidan, eta haren izena zeharka agertu zen. Harrituta gelditu nintzen. "Andrew Hoy-rekin lan egiteko elkarrizketa dela?", atera zitzaidan. Gau hartan ez nuen lorik egin, eta hurrengo egunean Manuel Senrari deitu nion, egoeraren berri emateko; aukera ez galtzeko esan zidan berak! Azkenean ni kontratatzeko asmoa zutela esan zidaten… lau urterako! Epe hori ez da batere ohikoa mundu honetan.

Nola esango zenioke nor den Andrew Hoy hipikaz ez dakien norbaiti?

Duen mailarekin, duen zaldiarekin, duen entrenatzailearekin… Olinpiar Jokoetan lehena ez bada geratzen, goitik egongo da!

Olinpiar Jokoetan urrezko dominak irabazi izan ditu zaldiko horrek.

Bai, denak txapelketa osoan: taldeka hiru urrezko domina, eta, bakarka, zilarrezko bat.

62 urte ditu Hoy-k. Normala al da hipikan adin horrekin onenen artean egotea?

Ez da arraroa. Beste kiroletan ez da hori gertatzen. Hipikan, ordea, 40-50 urterekin onenen artean egotea ohikoa da. Ordurako zaldi asko ezagutu dituzu, eskarmentu handia duzu… Fisikoki gogorra da, baina beste modu batean kudeatzen da. Zaldien kasuan, urte onenak 15 eta 18 urte bitartean heltzen dira.

"Zaldikoaren lana probak bikain egitea da, eta nirea horretarako baldintza onenak dituela bermatzea"

Tokion lehiaketa osoan parte hartuko du Andrew Hoy-k. Nola da proba hori?

Olinpiar Jokoetan hiru zaldiketa proba daude: doma klasikoa, jauziak eta lehiaketa osoa. Lehen biak proba independenteak dira: zaldiko eta zaldi batzuk batean parte hartzen dute, eta beste batzuk bestean. Azken modalitateak, ordea, zaldiko eta zaldi osoenak bilatzen ditu; aurreko bi probak egiteaz gain, hirugarren batenak ere aintzat hartzen ditu: cross country. Atletismoko proba konbinatuak bezalakoa litzateke, dekatloia kasu; beti egiten dira ordena berean: lehena doma klasikoa, gero cross country-a, eta, azkenik, jauziak.

Zeintzuk dira proba bakoitzaren giltzak? Hasteko, doma klasikoa.

Bizitasun handia behar du, eta zaldikoaren kontrolak aparta izan behar du. Pista batean egiten da, eta zaldiak programa bat egin behar du, mugimendu zehatz batzuk: norabide aldaketak, pausu aldaketak, albo batera mugitu, birak zaldikoaren ardatzaren inguruan… Garrantzitsua da ez antzematea zaldikoak egiten dituen keinuak eta aginduak; eman behar du zaldiak bere kabuz egiten duela. Hori lortzeko funtsezkoa da entrenatzaile on bat, zaldikoak goitik ikusten duena eta behetik ikusten dena ez delako gauza bera. Akatsak puntuekin zigortzen dira; beraz, puntu gutxien dituenak irabazten du.

Cross country-a nolakoa da.

Bufff… oso polita da. Bizi behar den zerbait da. Zirkuitu bat osatu behar da inguru natural batean. Zirkuitua egiteko denbora kontuan hartzen da; hau da, ziztu bizian doaz galopan. Hori egin bitartean jauziak eta oztopoak daude. Zaldikoak oso adi joan behar du, ondo kudeatzeko dena. Zaldia ez da tontoa, eta zaldikoak duda txikiena badu, gelditu daiteke. Ez da arraroa proba honetan zaldiko bat erortzea. Erresistentzia, indarra, erreflexuak, malgutasuna… gauza asko hartzen dira kontuan. Hor ere, gaizki egindakoak puntuekin zigortzen dira: oztopo baten aurrean geldituz gero hogei puntuko zigorra jaso dezake, adibidez.

 

Andrew Hoy zaldiko australiarraren zaldizaina izango da Ainhoa Delika. / A.D

Eta, azkenik, jauzietan zer da garrantzitsua?

Pista batean ibilbide bat da osatu behar dute zaldiak eta zaldikoak, denbora batean. Ibilbide horretan hainbat zailtasun gainditu behar dituzte: hesi bakarrak, multzokatutako hesiak… Akatsak puntuekin zigortzen dira, aurreko kasuan bezala; oztopo bat botaz gero lau puntuko zigorra jasotzen du, adibidez. Beraz, lehiaketa osoa amaitzean, irabazten dute puntu gutxien dituzten zaldiko eta zaldiak.

Zein izango da Andrew Hoy-rentzat egin beharko duzun lana?

Lan hori egiten dutenak groom deitzen dira, zaldizainak. Batetik, zaldiaren zaintzaz arduratuko nintzateke: jaten ematea dagozkion orduetan, baldintza paregabeetan dagoela bermatzea, paseatzea… Belarri puntetatik buztanera arte perfektu egotea: orraztu... Bestetik, zaldikoarekin etengabeko harremana izango dut, bere nahiak asetzeko. Zaldikoaren lana probak bikain egitea da, eta nirea horretarako baldintza onenak dituela bermatzea. Erraza ematen du, baina estres handia dago, animalia asko zaindu behar delako. Oso gustuko izan behar duzu mundu hori, bestela…

Zaldia eliteko kirolari moduan ikusi behar da?

Hori da, bai. Hoy-k hamar zaldi ditu, adibidez, baina Tokion Vassily de Lassos zaldiarekin parte hartuko du. Gaur egun dagoen zaldi onenetako bat da.

Zenbat langile doaz zaldiko-zaldi bakoitzarekin?

Lehiaketaren arabera. Batzuetan albaitari bakarra doa selekzioarekin, baina beste batzuetan parte-hartzaile bakoitzak albaitari bat darama. Gaur egun, zaintzaileez gain, bi edo hiru pertsona joan daitezke zaldi bakoitzeko, txapelketa garrantzitsuetan: albaitaria, ferratzailea eta fisioterapeuta zaldiarentzat. 

Orain Tokiora heltzeko burokraziarekin ari zarete. Gogorra izaten ari da?

Maiatzean hasi ginen, eta oraindik ari gara; pauso garrantzitsu bat falta da Tokiora joan ahal izateko. Tramite guztiekin hasteko Olinpiar Jokoetara joateko agiriak bidali zizkidaten; horri esker Covid-19rako txertoa jarri zidaten, adibidez. Ordea, bisa guztiz lotzeko kontratua behar da, eta Andrew Hoy-ren enpresa Ingalaterran dago. Hau da, kontratua egiteko prozesuan brexit-arekin egin dugu topo.

Horrek zer suposatzen du?

Maiatzaren 4an prozesua martxan zegoen, baina oraindik ez da amaitu, eta ezin naiz nire kabuz Ingalaterrara joan. Nire kabuz joanez gero arriskua dago kanporatzeko, eta Ingalaterran sartzea debekatzea bi urtez. Zenbaki baten zain gaude. Andrew Hoyren taldea Alemaniara joan da, eta ni haiekin egongo nintzateke, baina ezin.

Eta zenbaki hori ez bada heltzen…

Ezin izango naiz Tokiora joan. Hala eta guztiz ere bermatu didate kontratatuko nautela, eta, Tokiorako ez banago, beste proba batzuetara joango naizela esan didate. Kentucky-ko (AEB) Txapelketa aipatu didate, Alemaniara, Herbeheretara… munduko txapelketa onenetara. Hala ere, Tokiora joateko epemuga uztailaren 5a da. 20an aterako dira Tokiora, eta aurretik egotea komeni da.

Etorkizunera begira, aurretik duzun erronkaz gain, zer nahiko zenuke?

Maila altu batean lehiatu ahal izatea lehiaketa osoetan. Andrew Hoy-rekin lanean asko ikastea espero dut. Aukera aparta izango da. Nelson Pessoa entrenatzailea Australiako selekzioarekin dago, eta puntako entrenatzailea da.

Zein da Araban dagoen hipika maila?

Azken hamar urteetan asko aldatu da, hobera. Nire amak ikuspuntu zabalagoa du, eta esaten du alde handia dagoela. Duela sei urte inguru hasi nintzen, eta AriÒezen, Eriben eta Ondategin zeuden hipikara bideratutako guneak. Bada, Paula Azofrak eskola bat egin du, eta Espainiako Kopan maila ona ematen ari dira bere ikasle batzuk. Kevin Gonzalez de Zarate ere bertan dago, eta bere anaia, Alvaro, Espainia mailan onenen artean. Pobesen ere hipika berri bat egingo dute, eta Agurain Hipika ere oso ondo dago. Esan bezala, asko hobetu da.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago