Hiru partikular eta 35 enpresa daude berankorren zerrendan

Erredakzioa 2021ko eka. 30a, 16:06
Arabako Ogasunak gaur argitaratu du berankorren zerrenda. ALEA

Arabako Ogasunak bosgarrenez eman ditu jakitera berarekin zor handiak dituzten zordunen izenak. Guztira, 132.158.754 euroko zorra dute.

Goizean argitaratu du Arabako Diputazioaren Ogasun sailak herrialdeko berankorren zerrenda, alegia milioi bat baino gehiagoko zorra duten partikularren eta enpresen izenak.  Hiru norbanako daude zerrendan horretan, eta denen artean 9,6 milioi euroko zorra dute Arabako Ogasunarekin. Enpresei dagokionez, gaur ezagutzera eman den zerrendan guztira 35 pertsona juridiko jaso dira, eta guztira 122,5 milioi euroko zenbatekoa dute ordaintzeke.

Berankorren zerrenda argitaratzea Iruzurraren aurkako Planaren barruan jasotzen da, eta Arabako Ogasunak bosgarrenez eman ditu jakitera berarekin zor handiak dituzten zordunen izenak. Aurreko argitalpena iazko urrian egin zen, eta ez dago berrikuntza handirik zerrendako zordun kopuruan eta zorraren zenbatekoan. Azpimarratzekoa da zerrendatik bi zordun atera direla eta beste bi sartu direla. Zor gehienak porrot egin duten edo hartzekodunen konkurtsoan dauden enpresei badagozkie ere, %24k jardunean jarraitzen dute.

Hamar milioitik gorako zorra dituztenen artean nagusia Goya Sesenta y Nueve higiezinen elkartea da berriro ere, 18 milioi eurorekin; ondoren, desagertu zen Eguren Vitoria enpresa taldea dago, 11,5 milioi euroko zorrarekin; Urco & Urbasak 11,3 milioi euroko zorra du eta Ros Casares eraikuntzan eta industrian aritzen den konpainiak 11,1.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide