Arabako egoitza pribatuen hitzarmen probintziala, bi urte eta erdi blokeatuta

Erredakzioa 2021ko eka. 30a, 12:36
Ikasturte honetako azken mobilizazioa egin dute gaur, eta irailean itzuliko dira. / Arg.: ELA

Egoitza pribatuetako langileek irailean berrekingo diote probintzia mailako hitzarmena exijitzeko mobilizazio dinamikari. Azken bi urte eta erdian bere "erantzukizuna saihesten saiatzea" leporatu diote Diputazioari.

Arabako egoitza eta etxebizitza komunitario pribatuetako langileen oinarrizko soldata ez da 1.000 eurora iristen. Une honetan, hitzarmen probintziala egoera hori zein bestelako baldintza prekarioak konpontzeko ezinbestekoa da. Horretan ados daude sindikatuak eta Arabako Foru Aldundia, baina negoziazioa blokeatuta dago, besteak beste, enpresek oraindik ez dutelako sektoreko patronala osatu.

ELA, UGT, LAB eta CCOO sindikatuek hitzarmena eta lan baldintza duinak aldarrikatzeko mobilizazio dinamika abiatu zuten duela bi urte eta erdi baino gehiago; tartean, greba jardunaldi ugari egin dituzte. Asteazken honetan ere hala izan da, eta egoitza pribatuetako langileak berriro elkartu dira Probintzia plazan, Diputazioaren egoitzaren aurrean, egoeraren balorazioa egiteko eta "benetako konponbidea" exijitzeko.

"Sektoreko enpresek eta Aldundiak ez dute beren gain hartzen Arabako egoitza eta etxebizitza komunitario pribatuetan lan eta arreta baldintzak duintzeko beharrezko bideak ezartzeko betebeharra", salatu dute sindikatuek, "akituta". Gainera, Diputazioari leporatu diote bere "erantzukizuna saihesten saiatzea", mendekotasuna duten pertsonen zainketak azpikontratatuz.

Uda iritsi da, eta pandemia hasi zenetik hamabost hilabete igaro direnean, mobilizazio dinamikan geldialdia egitea erabaki dute: "Atseden hartzeko eta gogoeta eta balorazioa egiteko unea da. Irailean indartsuago borrokatzen jarraituko dugu. Ez gara nekatuko langileok pairatzen dugun prekarietatea salatzeaz, eta errespetua eskatzen dugu, bai gure lanbidearentzat, bai gure adinekoentzat", adierazi dute sindikatuek.

 

Azken bilera, apirilean

Bi urte eta erdi horietan, hiru aldeko bilera asko egin dira sindikatuen, Aldundiaren eta sektoreko enpresa batzuen artean. Apirilaren 6an egin zen sindikatuen eta Gizarte Politiketako foru diputatu Emilio Sola eta bere taldearen arteko azken bilera. Agerraldian azaldu dutenez, bilera hartan, elkartzeko interesa zuten enpresak bazirela jakinarazi zien Solak, "apirilaren amaieran arazoa konpon zedin eta, horrela, sektorerako lehen hitzarmen probintziala negoziatzen hasi ahal izateko".

"Hiru hilabete igaro dira eta ez dugu berririk jaso", deitoratu dute sindikatuek. "Bere ekintzek erakusten dute ez duela konpromiso sendorik, eta egiten ari garen presioak ez duela baldintzatzen. Benetako konponbideak behar ditugu. Alderdi politiko guztietako kide guztiek esaten dute gizartearentzat funtsezko zerbitzua garela, gure lanpostuak ezinbestekoak direla gizartearentzat. Baina gobernuetatik marketin politikorako baino ez dute erabiltzen gure lana, eta denbora honetan guztian egoera berean jarraitzen dugu, menpekotasun eta prekarietate egoera berean".

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide