Pandemia garaian biztanleria hazi da Mendialdean, Añanan eta Gorbeialdean

Erredakzioa 2021ko eka. 30a, 11:00

Mendialdeko biztanleria %7,1 hazi da. Argazkian, Kanpezu. / Argazkia: IREKIA

2020az geroztik, Mendialdeko biztanleria %7,1 hazi da, Arabako Haranetan %2,47 igo da, eta Gorbeialdean %2,80ko hazkundea izan du. Eusko Jaurlaritzak joera hori sustatzen jarraitu nahi du Landa Garapenaren Lege berriarekin.

Pandemia hasi zenetik, 2020 eta 2021 urteen artean, biztanleriaren hazkundea bizi izan dute Arabako Mendialdeak, Añanak eta Gorbeialdeak. Lehenengoaren kasuan, hazkundea oso agerikoa izan da, populazioa %7,1 hazi baita; hazkundea xumeagoa izan da beste bi kuadrilletan, baina datuek bilakaera positiboa utzi dute agerian: %2,47 igo da Añanan, 228 biztanle berrirekin; Gorbeialdean, berriz, biztanleria %2,80 hazi da, 274 bizilagun berrirekin.

Hortaz, agerikoa da pandemiak, Arabako landa eremuaren despopulatzeari buelta eman diola, neurri txiki batean bada ere. Izan ere, biztanle berriek bizi kalitatea hobetzea bilatu dute ingurugiro naturalago eta lasaiagoetan. Arabako hiru eskualde horietan bizi den hazkundea itxaropenerako arrazoia den arren, errealitate orokorra oso bestelakoa da.

Gaur egun, EAEko biztanleen %8,3 bakarrik bizi da herrietan. EHUk egindako eta duela egun batzuk Diputazioak aurkeztutako azterketa baten arabera, Arabako 45 herritan arreta berezia behar da: hirurehundik gora herrik 200 biztanle baino gutxiago dituzte, eta hamaika udalerritan kilometro koadroko hamar biztanle baino gutxiago bizi dira.

Lege proiektuaren gakoak

Hain zuzen ere, joera positibo hori sustatzea da Eusko Jaurlaritzak astearte honetan onartutako Landa Garapenaren Lege proiektu berriaren helburua. Arau berriak 1998an ezarritako eta gaur egun indarrean dagoen legea ordeztuko du.

Besteak beste, landa eremuan eskumenak dituzten erakundeek eta eragileek parte hartuko duten Landa Garapenerako Euskal Sarea sortzea aurreikusten du lege proiektuak, landa ingurunea "herrialdeko ekonomia, gizarte eta lurralde garapen eta kohesiorako funtsezko faktore" gisa kokatzeko.

Lakuako gobernuarentzako erronka nagusia biztanleria finkatzea da, hiritik landa eremura mugitzea erabaki duten horiek geratzea eta jende gehiago erakartzea. Horretarako, eremu horien "bizi kalitatea mantendu eta bermatu" behar dela aitortu du Ekonomiaren Garapen, Iraunkortasun eta Ingurumen sailburu Arantxa Tapiak.

Rural proofing ikuspegia barneratuz, Internet konexioa hobetzea dago Eusko Jaurlaritzak mahai gainean jarri dituen neurri zehatzen artean. Izan ere, landa eremuko herri askoren arazo nagusietako bat da hori.

Hori guztia, nekazaritza eta abeltzaintza jarduerak duen "zeregin estrategikoa" ahaztu gabe, bai lurralde eta ingurumen kudeaketan, baita ekonomian eta elikagaien hornikuntzan ere. Hori dela eta, eremu horiek "bizitzeko eta ekiteko leku erakargarriak izatea" nahi du lege berriak, "kohesioaren eta aukera berdintasunaren ikuspegitik".

Erlazionatuak

45 herritan arreta berezia behar da

Estitxu Ugarte Lz. de Arkaute 2021 eka 20 Araba

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide