Despopulazioaren Aurkako Espainiako Udalerrien Elkartearen arabera, 200 biztanleko mugaren azpitik dauden herriek, epe ertainera, desagertzeko aukera asko dituzte. Araban –Trebiñu salbu– 317 herri leudeke egoera horretan, Euskal Herriko Unibertsitateak aurkeztu duen azterketa demografiko berri baten arabera. Halere, Arabako Foru Aldundiaren Ekonomia Garapena, Berrikuntza eta Demografia Erronka sailaren diputatu Pilar Garcia de Salazarrek ukatu du arrisku hori dagoenik. "Araban ez da horrelakorik gertatu, eta ziur gaude ez dela gertatuko", esan du. Diputatuaren esanetan, lurraldearen ezaugarriei eta azken urteetan egindako lanari erreparatuta, "gure errealitate demografikoak Araba ezberdina dela erakusten du”.
Ildo beretik hitz egin du EHUko azterketa gidatu duen Maria Cruz Porcal Giza Geografian EHUko irakasleak, eta nabarmendu du beste lurralde batzuetan dagoen egoerarekin alderatuta, argi ikusten dela Arabako errealitateak ez duela zerikusirik Espainiako Zamoran edo Sorian gertatzen ari diren muturreko despopulazio prozesuekin. "Ezin da Arabako kasua hustutako Espainiaren errealitatearekin alderatu", esan du.
Diputazioaren enkarguz, Arabako berezitasun hori jaso eta lurraldea osatzen duten 426 herriguneren ikuspuntutik aztertu du EHUk biztanleen gainbehera, despopulatzeko eta, azken finean, desagertzeko arriskuan dauden herriak identifikatzeko asmoarekin. Udalez azpiko eskala erabili dute, udalerri edo kuadrilla oso zabaletan ezkutatzen diren barne-desberdintasunak azaleratzeko.
Guztira, 45 herri daude arrisku larrian, gehienbat Mendialdeko eta Añanako kuadrilletan baita beste kuadrilletako periferietan ere. Horietan 939 arabar bizi dira. Tartean daude Etxabarri-Kuartango, Jokano, Atiaga, Boveda, Acebedo, Guinea, Iñurrieta, Nograro, Marinda, Basquiñuelas edo Basabe.
Herriz herriko azterketa
Garcia de Salazar diputatuak ikerketaren aurkezpenean azaldu duenez, "herri bakoitzaren bilakaera demografikoa, egoera sozioekonomikoa eta arrisku maila" antzeman nahi izan ditu Diputazioak, "erabakiak xehetasunez hartzeko eta irtenbideak herri bakoitzaren neurrira egokitzeko".
EHUko irakasleak, berriz, erabili duten metodologia "berritzailea" nabarmendu du, udalerriez azpiko eskalak erabiltzea hain zuen. Porcalek adierazi duenez, zaila da despopulazioaren arrisku tipologia bakarra ezartzea. "Metodologia ugari erabili daitezke eta gaia konplexua da, are gehiago ezaugarri oso desberdinak dituzten 426 herri aztertu behar direnean", azaldu du. Hortaz, sailkapena egiteko irizpide ugari erabili dituzte; arriskuak eragiten dituzte faktoreen arteko mailaketa egin dute garrantziaren arabera, eta administrazio ezberdinen estatistikak erabiliz bost kategoria definitu dituzte, arrisku gutxi eta oso altua duten herriak sailkatuz.
Horren arabera, Arabako herri gehienak – %28,87– arrisku ertainean kokatu dituzte. Arrisku oso altuan, berriz, 45 herri daude –%10,56–; arrisku altuan 109 herri egongo lirateke –%25,59–; eta arrisku baxuan edo oso baxuan 144. Bestalde, udalerriak kontuan hartuz gero, bi dira oso arrisku larrian daudenak: Harana eta Lagran, eta beste lau arrisku altuan lirateke: Kuartango, Gaubea, Erriberabeitia eta Arraia-Maeztu.
Dentsitate demografiko urria
Ikertzaileak nabarmendu duen beste arrisku faktore bat dentsitate demografikoa da. 2019an, hamaika udalerrik kilometro koadroko hamar biztanletik behera zuten, eta kilometro koadroko bost biztanletik behera zuten horietako bost udalerrik (Lagran, Bernedo, Kuartango, Gaubea eta Urizaharra). Europar Batasunaren arabera, eremu bat despopulazio- arriskuan dago 12,5 biztanle kilometro koadroko baino gutxiago baditu.
"Saldo demografikoak dentsitateak baino adierazgarriagoak dira. Izan ere, azken 20 urteetako atzerakada demografikoa ez da fenomeno orokorra, udalerri txikiei eta biztanle gutxien dituzten eremuei eragiten baitie, batez ere. Atzerakada demografiko nabarmenena izan duten udalerriak dira zahartuenak, eta, beraz, migrazioak baino heriotzak eragin du populazio galera", azaldu du EHUko ikertzaileak. Nolanahi ere, azterketak erakutsi du 2001 eta 2019 arteko atzeranzko joera gelditu dela, eta hiriburutik urrun dauden Arabako eremu periferikoetan kontzentratu dela.
Azterketaren emaitzen arabera, Diputazioaren Ekonomia Garapena saila hainbat jarduera lantzen ari dela azpimarratu du Garcia de Salazarrek, besteak beste, etxebizitza, sustapen ekonomikoa, landa-fiskalitatea, azpiegiturak eta garraioa edo zerbitzu publikoak eta oinarrizko zerbitzuak.