Forondako aireportuak terminal berria estreinatu du, zortzi helmuga eskainiz

Erredakzioa 2021ko eka. 29a, 14:00

Gasteizko aireportuak azken lau hamarkadetako erreformarik handiena egin du bidaiarien terminalean, 1,76 milioi euroko inbertsioari esker. Uda honetan zortzi helmuga eskainiko ditu: Sevilla, Malaga, Alacant, Palma, Kolonia, Bergamo, Tenerife eta Kanaria Handia.

Bederatzi hilabetez luzatu dira Forondako aireportuko bidaiarien terminaleko obrak, eta 1,76 milioi euroko inbertsioa behar izan dute. Baina eraberritutako azpiegiturak argia ikusi du dagoeneko, 1980an inauguratu zenetik izandako berrikuntzarik handiena burututa. Itxura berria dute, beraz, eraikinaren barrualdeak zein kanpoaldeak, datozen urteetan aurreikusitako hazkundeari erantzuteko helburuarekin.

Espainiako Gobernuak EAEn duen ordezkari Denis Itxasok instalazioak bisitatu ditu astearte honetan. "Gasteizko aireportuak bidaiarien terminal berri bat du jada, gero eta konexio eta bidaiari gehiago hartzeko prest dagoena, mugikortasuna pixkanaka berreskuratuz. Espazio gardenak, hobeto argiztatuak, altzari moderno eta erosoak", nabarmendu du.

Bertan gogorarazi du aireportuak H-24 ordutegia duela maiatzetik, eta horri zein terminalaren eraberritzeari esker, "lehiakortasun handiagoko etorkizuna" opa dio. Halaber, Itxasoren ustez, VIAP poligonoa eraikitzeak ere negozio gaitasuna handitzea ekarriko luke: "AENAk martxan jartzeko borondatea du", ziurtatu du, tokiko agintariei dagozkien ingurumen izapideen menpe dagoela gogoraraziz.

Esku hartze nagusiak honako hauek izan dira: segurtasuna zein pasaporteak kontrolatzeko eremuak handitu dira, ekipajeak jasotzeko gela eta komunak berritu dira, argitasun handiagoa lortu da argiztapen naturalaren eta LED argien bidez, haurrentzako parkea eta atseden gelak sortu dira, eta kanpoko fatxada ere berritu da.

Zortzi helmuga

Pandemiaren bilakaeraren arabera pixkanaka mugikortasuna berreskuratzen ari den uda honetan, eskaintza zabala eta askotarikoa izango du Forondako aireportuak, Ryanair eta Binter konpainien eskutik. Asteroko zortzi helmugetatik, sei estatu mailakoak dira eta beste bi nazioartekoak:

  • Ryanair (astean bi hegaldi)
    • Sevilla
    • Malaga (Costa del Sol)
    • Alacant-Elx Miguel Hernandez
    • Palma (Mallorca)
    • Kolonia/Bonn (Alemania)
    • Bergamo (Italia)

Horrez gain, Begoña Llarena Forondako zuzendariak charter hegaldiak eta transozeanikoak laster ezartzeko aukera zabalik utzi du. "Horrelako konexioak egiteko gaitasuna duen azpiegitura daukagu, baina beste elementu bat beharrezkoa da: bidaiarien eskaria egotea, alegia", azaldu du.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide