Organo Jaialdia sei kontzerturekin itzuliko da

Erredakzioa 2021ko eka. 29a, 11:10

Pablo Marquez eta Atsuko Takano, 'Concertante a quattro' bikotea. / PMARQUEZ.com

Gasteiz, Aramaio, Agurain, Villabuena eta Moredatik igaroko da Organo Jaialdiaren XXXV. edizioa, uztailaren 8tik abuztuaren 6ra. Kontzertu guztiak doakoak izango dira.

Bere jatorrizko formatura itzuliko da aurten Arabako Organo Jaialdiaren XXXV. edizioa, 2020an, pandemiaren ondorioz, soilik bi kontzertu antolatu ostean (Musika Klasikoaren Zikloaren barruan). "Jaialdia erakusleiho bat da, non, organoen bidez, Arabako ondare artistiko baliotsuaren aberastasuna zabaltzen baita", azpimarratu du Ana del Val Kultura Saileko foru diputatuak.

Aurten, uztailaren 8tik abuztuaren 6ra bitartean, sei kontzertu eskainiko ditu Arabako bost udalerritan. Gasteizko El Carmen elizan izango dira lehen bi kontzertuak: uztailaren 8an, 20:30ean, Pablo Marquezek eta Atsuko Takanok osatutako Concertante a quattro bikotea lau eskurekin piezak jotzen ikusteko aukera egongo da; uztailaren 15ean, ordu berean, Monica Melcova arituko da.

Ondoren, jaialdiak Arabako herrietara joko du: uztailaren 16an, 19:00etan, Esther Ciudad arituko da Ibarrako (Aramaio) San Martin elizan; hilaren 23an, Miriam Cepeda izango da Aguraingo Santa Maria elizan, 19:00etatik aurrera; hurrengo geltokia Villabuenako San Andres Apostoluaren eliza izango da, uztailaren 30eko 19:30ean, Victor Baenaren eskutik; eta, azkenik, zikloa ixteko, abuztuaren 6ko 20:00etan, Enrique Martinek kontzertua eskainiko du Moredako Santa Maria elizan.

Edizio honetako berrikuntza nagusia pantaila bat izango da, kontzertuetara bertaratzen diren pertsonek organistak ikusteko aukera izan dezaten.

Sarrera doakoa izango da kontzertu guztietan, eliza bakoitzaren edukiera bete arte.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide