“Lan eremuan euskara normaltasunez erabiliz eta lan-tresna gisa hartuz egin nahi izan dugu gure ekarpena”

Erabiltzailearen aurpegia Bai Euskarari elkartea 2021ko eka. 28a, 16:33

Enpresa sortu zenean eskuratu zuen Andoaingo IZT kooperatibak Bai Euskarari Ziurtagiria, 2005ean, eta zerbitzua euskaraz eskaintzen dute harrezkero. Eremu digitalean egiten dute lan, enpresei aholkularitza eskaintzen batez ere, eta pandemiarekin erronka ugari sortu zaizkie. 

Bai Euskarari Saria jasoko duzue. Zer da zuentzat sari hau jasotzea?

(Juani Lizaso) Sorpresa izan da eta jarraitzeko poz handiarekin hartu dugu albistea, harrotasun handiarekin. 2005ean hasi ginenean garbi eduki genuen Bai Euskarari Ziurtagiria eskuratu behar genuela eta ibilbide guztian presente izan dugu. 

(Jon Zulueta) Bilatzen ez bada ere urtetako lanaren errekonozimendua da eta poztekoa da. 

Nola daramazue urtebete hau, pandemia dela-eta?

(J.L.) Profesionalki, oso ondo. Fase ezberdinak izan ditugu eta hasiera erokeria izan zen: 2-3 astetan etxetik lan egiteko baldintzak jarri genizkien 100 bat bezerori, sektore, tamaina eta ezaugarri ezberdinetakoei. Erokeria bat izan zen eta oso harro gaude lortu genuelako. 

Lehenengo beharrak asetu genituen eta, ondoren, hori guztia egonkortzen egin dugu lan. 

Gure sektorean lan egiten duten enpresa guztiei lan eta aukera komertzial asko ekarri dizkigu. Nahiko pribilegiatuak gara profesionalki, aukerak sortu dizkigulako.

Pandemiaren fase guztietan garbi izan dugu diruarena alde batera utzi behar genuela, eta ez da izan gure lehentasuna, bereziki lehen fasean. Hainbat zerbitzu dohainik eman genizkien bezeroei garbi genuelako emateko momentua zela eta horrek ekarriko zizkigula beste modu bateko etekinak.

(J.Z.) Azken urtean oso nabarmen geratu da teknologiaren eta digitalizazioaren menpe gaudela ekonomiaren garapenean eta egunerokoan funtzionatzeko premia bat zegoela antolatzeko garaian. Bezeroen bidelagun izan gara eta lortu dute etxetik lan egin ahal izatea; horrek satisfazioa ematen du.

Zein zerbitzu eskaintzen dituzue IZTn?

(J. Z.) Nagusiki hiru zerbitzu dira: informazio sistemen diseinua eta inplantazioa batetik; programazioari dagozkion eremuan, web aplikazioak eta webguneak, bestetik; eta, azkenik, cloud edo lainoaren arloa. Hori guztia ahaztu gabe aholkularitza zerbitzua ematen dugula. Bezero batzuek oso garbi dute zer behar duten, baina beste askok aholkularitza zerbitzu bat behar dute eta bide bat marrazten da beraiekin batera. 

(J. L.) Enpresa txikiekin egiten dugu lan. Gure bisioaren barruan bazegoen bitarteko gutxiago dutenen bidelagun eta aholkulari izatearena. Zerbitzu integrala eman nahi dugu.

Asko hitz egiten da orain eraldaketa digitalaz. Zein dira zuen ustez eraldaketa digitalerako gakoak enpresa batean? 

(J.L.) Ez da erraza. Eraldaketa digitala definitu genezake orain arte bulegoetan edo fabriketan egiten zen lan hori lainora edo Internetera eramatea bezala. Gakoak zein diren? Hasteko, definizio on eta sakon bat izan behar da, negozioa bera ondo ezagutu eta hori egonkortzeko teknologiak ezagutzen dituen bitartekoak erabili. Horretarako, jende gehienak aholkularitza behar du. Aholkularitzaren bidez diagnostiko egoki bat egitea eta horretan oinarrituta estrategia digital bat markatzea ezinbestekoa da. Enpresa edo jarduera bakoitzak helburu edo bide desberdinak ditu eraldaketa digital horretan pausoak emateko. Ikastetxe bat edo makina erremintako enpresa bat oso ezberdinak dira. Denda batek eraldaketa digitala eginez gero, adibidez, auzoan saltzetik mundu osoan saltzera iritsi daiteke.

(J.Z.) Eraldaketa digitalak hobekuntza ekarri behar du eremu guztietan: ekoizpena, hezkuntza eta jakintzaren garapenean. Eraldaketa digitala ez da webgune bat izatea; ondo identifikatu behar da zer den hobetu beharrekoa eta horren plangintza eta inplementazioa egin. 

Telelana ere denon ahotan dago. Orokorrean, nola harrapatu gaitu pandemiak telelanari dagokionez? 

(J.L.) Bazetorren gauza bat zen, batez ere atzerrian, baina hemen ez geunden prestatuta eta honek guztiak izugarri azkartu du dena. Ez geunden prestatuta ez teknikoki ezta psikologikoki ere. Denok ikasi dugu izugarri eta telelanaren onurak eta desabantailak zeintzuk diren ikusi dugu. Orain nabaritzen ari gara jende dezente ari dela formula misto batekin uztartzen; erabateko telelana egin beharrean, etxeko kontziliazioa dela edo bidai batzuk aurrezteko dela, antolatzeko erabilgarria dela eta eraginkorragoa izan daitekeela ikusi da.

(J.Z.) Inflexio puntu bat egon da. Kasu askotan gutxieneko teknikoak jarrita egin da eta orain beste fase batean sartu behar dugu; telelanaren onurak ikusi eta hori ondo eta modu efizientean egiteko zer egin behar dugun ikusi behar dugu. Horrek apustua eta inbertsio bat egitea eskatzen du. 

Sareen segurtasunerako sistemekin ere egiten duzue lan. Zein arrisku ditu norbanako batek datuak lainoan jartzean? Eta enpresa batek?

(J.L.) Oinarri bezala hartu behar dugu sortzen dugun informazioa izugarria dela. Noiz konektatzen garen whatsappera, noiz bidali dugun e-posta mezu bat, noiz gauden Twiterren,... etengabe informazioa sortzen ari gara. Bakoitzak bere aldetik informazio hori hartuta ez da esanguratsua, baina enpresa multinazionalek datu horiek elkarkonektatzeko aukera dute, profilak sortuz. Pribatutasunaren arrastoan dago arriskua. 

Sortzen ditugun datuak konfidentzialak direnean, enpresa batean, adibidez, beste arrisku handi bat da. Burura etortzen zaigu datuak lapurtzen dituen hacker bat, baina kasu gehienetan etxe barrutik etortzen dira arriskuak; akats pertsonalek sortzen dituzte zulo handienak.

Oinarrizko arriskuak daude. Orain dela gutxi gertatu da Strasburgon erre zirela hainbat zerbitzari;  guri pare bat zerbitzari harrapatu zizkigun sute hark. Segurtasun kopiak bagenituen eta berreskuratu ahal izan genuen hango informazioa. Asko geratu ziren informaziorik gabe eta galera hori izan daiteke arrisku handienetako bat. 

Sortzen dugun informazioa izugarria da, baina gero ez badugu sistematizatzen informazio hori ordenatua izateko eta diseinu egoki bat izan hori guztia babesteko, alferrik da. Bideragarritasun ekonomikoari nola eragiten dio horrelako galera batek? Gauza horiek aurreikustea interesgarria da.

(J.Z.) Entzutetsuak izaten diren bahiketa eta erasoak daude, baina informazio sistema sendo bat izatea  eta lan prebentiboak egitea da gakoa. Gu saiatzen gara aurre hartzen eta lan prebentibo asko egiten ditugu. 

Lainoaz hitz egiten da, baina laino hori ez dago zeruan… Badirudi Internetek ez duela kutsadurarik sortzen, baina datuak biltegiratzeko ordenagailuz betetako pabilioi handiek energia asko behar dute… Nola uztartu cloud computing zerbitzuak eta iraunkortasuna? 

(J.L.) Argindarraren kontsumoarena da bat eta beste bat da, hori baino larriagoa, tresna teknologikoek behar dituzten materialen ustiaketa. Afrikako esplotazioetatik datoz gehienak eta lehen munduan ditugun abantailetan oso presente dago hori. 5Garekin ere material eta argindar ustiaketa izugarria izango dela esaten dute.

(J.Z.) Argi dago sektorearen erronketako bat dela, baina gurea bezalako enpresa txiki batek zeresan gutxi dauka. Derrigortuta gaude sistema horretan aritzera. Trantsizio energetikoaren barruan ikusi beharko da nola egiten dugun bertatik bertarako prozesuak indartzeko.

(J.L.) Lainoak errazten dizkigu harremanak eta bi euroko gauzak datoz Txinatik aztarna ekologiko izugarria eraginez. Teknologiarekin baino munduaren antolaketarekin du zerikusia. 

Euskara zuen entitatean txertatzeko zein pauso eman dituzue? 

(J.L.) Oso modu naturalean izan da dena. Sorreratik oso garbi genuen zerbitzua euskaraz ere eman behar genuela. Euskara oso parte inportantea izan da eman nahi genuen zerbitzu horretan: hurbila, gertukoa eta konfiantzazkoa. Baldintza bat jarri genuen kontratzen genituen guztiak euskaldunak izan behar zirela. Lan eremuan euskara normaltasunez erabiliz eta lan-tresna gisa hartuz egin nahi izan dugu gure ekarpena. 

(J.Z.) Kooperatiba ere bagara eta ez da ulertzen enpresaren izaera juridiko bat bezala soilik. Gure ingurunean dugun arduragatik euskarak ardatz inportantea betetzen du; ez dugu ulertzen gure jarduna euskararen normalizaziotik kanpo. 

Eremu digitalean egiten duzue lan. Euskararentzat erronka da eremu hori ere. Nola bizi duzue eremu digitalaren eta euskararen arteko oreka?

(J.L.) Sare sozialen eremua da batez ere sustatu beharko litzatekeena eta lan munduan ere presentzia txikia du euskarak berak. 

Guk defektuz euskaraz egiten ditugu garapenak, batez ere barne tresnak direnean. Programa estandar batzuk ere euskaratzen aritzen gara. Orain, adibidez, bideokonferentziak egiteko aplikazio bat euskaratzen bukatu dugu: BigBlueButton. Alfresco ere euskaratzen lagundu dugu. 

Zein arrazoi emango zenukete Bai Euskarari Ziurtagiria eskuratzeko?

(J.Z.) Batetik euskaraz funtzionatzeko eta zerbitzua euskaraz emateko konpromiso bat adierazten duelako, eta bide horretan antolakundearen eremu guztiak euskalduntzeko bidea egitea erronka polita delako. Eta bestetik, euskaraz bizi nahi duten antolakunde eta norbanakoekiko begirunea adierazten duelako. Antolakundearen erantzukidetasun soziala handitzen du eta horrek bere eragina du eremu guztietan.


#BaiEuskarariSariak2021 ekitaldian egindako elkarrizketa:

 

Osorik irakurri

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago