La Viña tabernako Fran Millanen 'Beldurrak', Arabako pintxorik onena

Erredakzioa 2021eko ekainaren 28a

'Beldurrak', La Viña tabernako Fran Millanen pintxo irabazlea.

Arabako Pintxoaren Asteak bere sarietako bat eskaini du dagoeneko: Gasteizko La Viña tabernako Fran Millanen Beldurrak pintxoak jaso du Herritarren Saria, 1.472 botorekin. Finala gaur eta bihar artean ospatuko da Europa Jauregian.

Arabako Pintxoaren Astearen barruan, kontsumitzaileek lehiaketaren app-aren bidez aukeratu dute Beldurrak. Tabernetan dastatzeko fasean 1.472 puntu eman dizkiote. Ezkontza pintxo klasikoaren bertsio bat da: hegaluzez eta antxoaz betetako bonboi bat, piparra geruza batez estalia, eta, gainean, baratxuri, ozpin, alioli eta pikantez apaindutako ahokada bat duena.

Ekainaren 18tik 27ra arte luzatu den dastatze fasean kontsumitzaileak liluratu dituen pintxo irabazleaz gain, Qbosq tabernako Itoiz Urretaren Oroimen pintxoa bigarren postuan geratu da, 885 punturekin; hirugarren postua Gasteizko O'Caralloko Clemente Malvido eta Dani Castrorentzat izan da, Porcoencallado pintxoarekin 615 puntu lortuta.

 

Finala

Astelehen eta asteartean, ekainaren 28an eta 29an, Europa Biltzar Jauregiak hartuko du Arabako Pintxoaren Astearen final handia, showcooking formatuko lehiaketa batean. Astelehenean finalerdiak izango dira, 10:00etatik 13:00etara eta 16:00etatik 19:00etara. Hortik aterako dira asteartean, 10:00etatik 12:30era, finalean arituko diren hamar finalistak.

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago