Independentzia beharrari buruzko hitzaldia izango da Gasteizen

Erredakzioa 2021eko ekainaren 24a

Ekainaren 19an Senperen eskaini zuten hitzaldia. / Herri Existentzia

Jesus Arregik, Asisko Urmenetak eta Eneko Bidegainek eskainiko dute, uztailaren 3an, Aldabe gizarte etxean.

Urratsez urrats askatasunera! goiburu, joan den ekainaren 19an hitzaldi zikloa hasi zuten Senperen, ekainaren 26an Hernanitik pasako da, eta uztailaren 3an Gasteizen amaituko dute. Herri Existentzia taldeak deituta, hitzaldi ziklo pedagogikoa antolatu dute. Jesus Arregik, Asisko Urmenetak eta Eneko Bidegainek parte hartuko dute Gasteizkoan; 11:00etan, Aldabe gizarte etxean. 

"Independentzia ez dago modan. Azken boladan nazioak pairatzen duen jazarpenaz hitz egitea tabua bilakatu da", aipatu dute sustatzaileek ohar batean. "Eufemismo mordoa asmatu dugu euskaldunok bizi dugun egoera bere gordintasunean ez adierazteko. Errealitateari aurrez aurre begiratzea gogorregia egiten zaigulako, zapaltzaileak haserrarazi nahi ez ditugulako, edo batek daki zergatik. Gaia ekiditeak ez du gure egoera samurtu, kontrakoa baizik. Gero eta asimilatuago gaude, eta mingarria izan arren, heldu da garaia egoeraz mintzatzeko, gure burua diagnostikatzeko eta gaitzari irtenbidea jartzeko".

Proposaturiko ziklo pedagogikoak "herriaren egoeraz eta independentziaren beharraz konplexurik gabe" aritzeko parada eskaini nahi du. Gasteizko ekimenean parte hartzeko, izena eman behar da herriexistentzia@gmail.com helbidean. 

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago