Mercedesek astelehenean berrekingo dio ekoizpenari, baina ABLEE bat planteatu du

Erredakzioa 2021ko eka. 24a, 13:00
Bost egunetan 3.500 furgoneta inguru ekoizteari utzi diote. / Argazkia: MERCEDES-BENZ

Erdieroale faltagatik ekoizpena aste osoan zehar etenda izan ostean, Mercedesek astelehenean berrekingo dio jarduerari. Hala ere, Gasteizko plantillari eragingo liokeen aldi baterako lan erregulazioa planteatu du egoerari aurre egiteko aukera gisa.

Mercedesek Gasteizko fabrikaren ekoizpena eten du ekainaren 21etik 25era, erdieroaleen hornidura faltagatik. Asiatik datozen pieza horien eskuragarritasunaren inguruan "ziurgabetasun handia" dagoela aitortu arren, datorren astelehenean, hilaren 28an, jarduerari berrekingo dio enpresak.

Zuzendaritzak duela astebete erabaki zuen pinturako eta muntaketa gordineko zein amaierako muntaketako hiru txandak gelditzea, osagaien krisiari aurre egiteko. Ostegun honetan ordezkari sindikalei eta langileei jakinarazi dienez, astelehenean ekingo diote berriro jarduerari, bost egun horietan 3.500 furgoneta inguru ekoizteari utzi ostean.

"Egoera kritikoa"

Hala ere, zuzendaritzaren arabera, egungo egoera "kritikoa" da hornidurari dagokionez, eta, erdieroale faltaren ondorioz, "ziurgabetasun handia" eta "epe laburreko ikusgaitasunik eza" daudela ohartarazi du. Horren aurrean, zuzendaritzak langileen ordezkariei jakinarazi die kontsulta epe bat irekiko duela, Aldi Baterako Lan Erregulazio Espediente bat (ABLEE) aplikatzeko aukera aztertzeko.

Aste honetan, langileek beren gain hartu dituzte etenaldiko bost egun horiek, ordu-poltsaren kontura. Hitzarmenaren arabera, oraindik beste zortzi egunetan jarduera eteteko aukera aukera izango lukete, baina enpresak ABLEEa ezartzeko aukera zabalik utzi nahi du, "egoera zailari aurre egiteko hitzarmen kolektiboan jasotako malgutasun neurriak nahikoak ez badira".

2021ean Vito eta V Klasea motako 148.600 furgoneta ekoiztea aurreikusi zuen Mercedeseko zuzendaritzak, eta etenaldiak aurreikuspen horietan eraginik ez izatea espero du.

Erdieroaleen krisia

Erdieroaleak txip edo zirkuitu elektroniko milimetrikoak dira, batez ere silizioz osatutakoak, eta funtsezkoak dira, kasu honetan, furgoneten funtzionamendu orokorrerako. PlayStation, tablet edo telefono mugikorrak bezalako produktu elektronikoen industriaren eskari handiak hornikuntza arazoak eragin ditu automobilgintza sektorean eta beste zenbait sektoretan, bereziki pandemia garaian.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide