Udako asteburuak, lorategian

Erredakzioa 2021ko eka. 25a, 08:00

Voodoo Charms taldeak irekiko du Belar Sounds zikloa. / Voodoo Charms

Montehermosok eta Oihaneder Euskararen Etxeak Belar Sounds aire libreko musika programa antolatu dute; ekainaren 26an hasiko da, Voodoo Charms taldeak eskainitako rhythm and blues doinuekin.

Belar Sounds musika programa Falerina lorategira dator beste behin. 2020. urteko etenaldia eta gero, gune historikoa aisialdirako eta elkar bizikidetzarako espazio bihurtuko da udako asteburuetan, musika estilo ezberdinetako kontzertuak eskainiko baitira aire librean.

Ekainaren 26an hasi eta irailaren 11ra luzatuko den musika programa honek lehenengo aldiz Oihaneder Euskararen Etxea eta Montehermoso Kulturunea jarri ditu elkarlanean. Guztira sei kontzertuz osatutako egitaraua antolatu dute: Voodoo Charms, The Binilo's, Resaca Jackson, Serious Business, Belceblues eta Neona taldeak izango dira Falerinako oholtza gainera igoko direnak. Talde guztiak Hego Euskal Herrikoak dira, horietako bat, gasteiztarra. Emanaldi guztiak arratsaldeko 19:00etan izango dira.

Voodoo Charmsekin hasiko da zikloa larunbat honetan bertan. Lotura estua duten estilo ezberdinetatik datozen musikariek osatzen dute taldea, hala nola bluesa, rocka, jazza eta rockabillya. Publikoa rhythm and bluesaren urrezko garaira eramanez, eszenaratze bikaina aurkeztuko du.

Uztailaren 3an, berriz, The Binilo's taldearen txanda izango da, Irantzu eta Oier Garamendik osatutako bikote umoristikoarena. 50-60. hamarkadako zuzeneko irratsaio gisa aurkezten dute beren emanaldia, eta garaiko iragarkiak txertatzen; horrez gain, umorez beteriko gidoia du eta, nola ez, abesti ugari.

Resaca Jackson laukotea gerturatuko da uztailaren 24an. Honen musikak hegoaldeko rock doinuak rock klasikoenaren, hard rockaren eta bluesaren eraginarekin nahasten ditu. Abestien letra garratzak, kritika sozialez beteak, denboran irauteko sortu dituzte.

Abuztuaren 28an Serious Business musika munduan esperientzia handia duten Aitor Badiola, Maria Armendariz, Antxon Sarasua eta Ander Zulaika musikariak gerturatuko dira Falerinara. Bluesa eta rockaz gain, funka, R&Ba, popa eta jazza lantzen dituzte.

Belceblues helduko da ostean, irailaren 4an. Sormen handiko gitar riff-ez eta tronpeta harrigarri batez lagunduta, bere musikarien soinu kementsuek blues klasikoa eta garaikidea nahasten dituzte.

Azkeneko saioa Neona taldeak irailaren 11n eskainiko duen kontzertua izango da. Gorka Mendizabal, Andres Insua, Oihana Rodriguez, Ixak Arruti eta Natali Izagirre dira partaideak, Natali taldetik eratorritakoak. Pop, rock, funky eta beste hainbat estilo entzun daitezke beren lanetan.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago