Koronabirusa

Arabako egoitzetako adinekoek logelan jaso ahal izango dituzte bisitak

Erredakzioa 2021ko eka. 24a, 10:50

Bisita egiten duen pertsonak txertaketa jarraibide osoa izan beharko du. / Argazkia: PIXABAY

Foru agindu berriaren arabera, ostiraletik aurrera, Arabako egoitzetako erabiltzaileek senitartekoen eta hurbilekoen bisitak jaso ahal izango dituzte beren logelan, baldin eta txertaketa jarraibide osoa badute.

Alarma egoera amaituta, eta Covid-19ak eragindako pandemiaren testuinguruan jarraitzen dugun arren, ostiral honetan, ekainaren 25ean, foru agindu berri bat sartuko da indarrean, adinekoen eta desgaitasuna duten pertsonen Arabako egoitza-zentroetako bisitak eta irteerak arautzeko.

Arau berri honek maiatzaren 14koa ordeztuko du, eta aukera emango du, horretarako berariazko espazioetan ez ezik, erabiltzaileek beren logelan bisita indibidualak jaso ahal izateko, betiere bisita egiten duen pertsonak txertaketa jarraibide osoa badu. Partekatutako logeletan ezin izango dira bi erabiltzaileen aldi bereko bisitak egin, haien artean ahaidetasun harremana dagoenean izan ezik.

"Egoiliarrei babes emozionala emateko hartzen ari garen neurriek lagundu egingo diote, zalantzarik gabe, haien egoera mentalari", adierazi du Emilio Sola Gizarte politiketako diputatuak.

Bisitak, irteerak eta ibilaldiak

Aurreko foru aginduan bezala, bisita eta irteera erregimenari eutsiko zaio: astean gutxienez hiru bisita jasotzeko aukera izango du egoiliar bakoitzak, eta irteerekin ordeztu ahal izango dira, betiere baldintza epidemiologikoek eta klimatikoek horretarako aukera ematen badute. Bisita horietako bakoitza gehienez ere bi pertsonakoa izango da.

Erabiltzaileak egunero irten ahal izango dira zentrotik, nahi izatekotan, eta irteerak lehenetsiko dira bisiten gainetik. Nolanahi ere, segurtasun neurriak zorrotz bete beharko dira uneoro, maskara erabili eta eskuen higienea mantendu beharko dira, eta zentroak erabakiko du zer ordutegi bete behar diren sarreren eta irteeren kontrola ezartzeko.

Era berean, lehentasuna emango zaie egoitzaren inguruko espazio irekietan eta senitartekoek edo hurbilekoek lagunduta egiten diren ibilaldi terapeutikoei; horrez, gain, jaiegunetan kanpoan bazkaltzeko irteera programatuak ere baimenduta daude.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago