Arabako egoitzak hitzartzeko foru arau bat proposatuko du EH Bilduk

Erredakzioa 2021ko eka. 22a, 18:30
Claudia Venceslao eta Luis Mari Salgado, EH Bilduko batzarkideak. / Argazkia: EH BILDU

Lurraldeko egoitza-zentro pribatuak hitzartzeko irailean aurkeztuko duen foru arauaren zirriborroan, EH Bilduk neurri zehatzak proposatu ditu kalitatezko arreta eta lan baldintza duinak bermatzeko.

Datozen hilabeteetan, EH Bilduk eragile sozial eta sindikalekin kontrastatuko du Arabako egoitzak hitzartzeko foru arau bat sortzeko landutako proposamena. Horren ostean, irailean behin betiko arau proiektua erregistratuko dute Batzar Nagusietan, baina Claudia Venceslao eta Luis Mari Salgado EH Bilduko ordezkariek azken hilabeteetan prestatutako lehen zirriborroa aurkeztu dute gaur.

Proposamenaren helburu nagusia arreta emateko baldintzak hobetzea da, bai egoiliarrei dagokienez, baita zentro horietan lan egiten duten profesionalei dagokienez ere. "Araban gero eta eskari handiagoa dagoenez, arau hori izango da erakunde publikoekin lankidetzan aritu nahi duten egoitza pribatuei eska dakiekeen funtzionamendu-esparru komun bat ezarriko duen tresna", azaldu dute Salgadok eta Venceslaok.

EH Bilduren apustua publikoa den arren, eskari handiaren joera irauli arte, "beharrezkotzat" jo du hitzarmenarekin jarraitzea, "kolektibo horri erantzuteko erantzun egokiena baita". Horregatik, bitartean, zentro pribatu eta publikoetako lan zein arreta baldintzak homogeneizatzea proposatu du, "ahal den neurrian, baliabide publikoetan daudenekin parekatuz".

Halaber, Salgadoren ustez, arau honek "zerbitzurako txekeen (zerbitzuari lotutako prestazio ekonomikoak) existentzia oztopatzeko balio beharko luke, prestazio horiek dituzten erabiltzaileek jasotzen dituzten egoitzek itundutako egoitza baten baldintza berberak bete behar izatea eskatuz".

Sei gako

Arau-proiektua oraindik hainbat hilabetez lantzen jarraituko duten arren, EH Bilduk sei gako aurreratu ditu zirriborroaren aurkezpenean:

  • Ratioak handitzea ostatuaren, mantenuaren eta mantentze lanen lanbide kategoria guztietan. "Gaur egun, zenbait egoitza zentrotan, arropa garbitzeko, mantentzeko edo lisatzeko lanak erizaintzako laguntzaileek egiten dituzte, egoiliarren zuzeneko arretaren kaltetan. Arau horrekin hori ez litzateke beharrezkoa izango", azaldu dute.
  • Egoiliarren medikazioaren prestakuntza arautzea: "Erizainak prestatuko du jarraibide medikoa, eta ez gaur egun bezala; egoitza batzuetan medikazioak erizaintzako laguntzaileek prestatzen dituzte", ohartarazi dute.
  • Osasun kontsultetara laguntzeko protokolo bat sortzea; bertan zehaztuko litzateke zein profesionalek hartuko dituen bere gain laguntza horiek, gizarte edo familia babesik ez dagoenean.
  • Gizarte arretan eta arreta soziokulturalean aldaketa nabarmenak egitea.
  • Arreta psikologikoaren arlo osoa hobetzea, diagnostikoa, erabiltzaileen ebaluazioa eta tratamenduen plangintza barne hartuz.
  • Giza baliabideen arloa indartzea. Arlo horren barruan hainbat proposamen egingo ditu EH Bilduk: besteak beste, erizaintzako arreta astelehenetik igandera bermatzea edo langileen ratioak igotzea gerora sortutako kausak daudenean, hala nola gaixotasunak edo pandemiak.

"Gaur egun, egoitza pribatuetako ratioak oso urriak dira; zaintzan kalitatea eman nahi badugu, inbertsio ekonomiko handia egin behar da, eta egoitza-zentro horietan profesional gehiago egon behar dira", azpimarratu du Venceslaok.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide