Koronabirusa

40 urtetik beherakoen txertaketarako hitzorduak ematen hasi da Osakidetza

Erredakzioa 2021ko eka. 22a, 13:00

Txertaketaren hurrengo adin tartea izango da 30-39 urte bitartekoena. / IREKIA

Osakidetzak datozen egunetarako iragarri du txertatzeko hitzorduen irekiera 30 eta 39 urte bitarteko herritarrentzat. Hala ere, 1982 eta 1983 urteetan jaiotako hainbat pertsonak hitzordua hartu ahal izan dute jada.

Aste honetan, 60 eta 70 urte bitarteko herritarrak AstraZeneca txertoaren bigarren dosiak jasotzen hasiko dira. Bitartean, aurrera doa 40 eta 50 urte bitartekoen lehen txertaketa; 50 eta 59 urte bitartekoena, gainera, amaitzear dago.

Baina hurrengo urratsa ere iragarri du Gotzone Sagardui Osasun sailburuak: datozen egunetan, 30 eta 39 urte bitarteko herritarrek txertaketarako hitzordua hartzeko aukera izango dute. Gainera, 1982 eta 1983 urteetan jaiotako hainbat pertsonak hitzordua hartu ahal izan dute jada; hortaz, aurreikus daitekeenez, 40 urtetik beherakoen txertaketa datozen egunetan hasiko da.

Eguna zehaztu ez duen arren, aukera hori irekitzen den unetik aurrera, adin tarte horretako herritarrek txertoa jasotzeko eguna eta ordua aukeratu ahal izango dutela azaldu du, Osakidetzaren webgunearen bitartez edo 900 20 30 50 telefonora deituz.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago