Uxue Alberdiren eskutik iritsiko da 'Zirriborroak eta gero' bildumaren azken alea

Erredakzioa 2021ko eka. 22a, 10:00

Uxue Alberdi idazle eta bertsolari elgoibartarra. / Argazkia: CONNY BEYREUTHER

Lasierrako Azala sorkuntza guneak bultzatutako Zirriborroak eta gero ipuin laburren bildumaren azken alea Uxue Alberdik sortu du. Ibaia kontakizunean, idazleak genero ikuspegidun hirigintzaren ondorio eraldatzailea irudikatu du.

Ekainaren 25etik aurrera, Alberdiren fabula doan banatuko da Euskal Herri osoko liburu dendetan eta hainbat taberna zein pasabidetan. Halaber, Whatsapp eta Telegram bidez ere zabalduko dute pasarteka, hamar egunetan zehar. Gainera, lehen aldiz egitasmoaren barruan, fabulak irrati nobela formatuko bertsio bat izango du, Thusia, creadores de ficción proiektuaren eskutik.

Lasierrako (Erriberagoitia) Azala sorkuntza guneak bultzatutako Zirriborroak eta gero proiektua kontakizun laburren bilduma da, eta hainbat idazle eta ilustratzaile gonbidatzen ditu gaur egun dauden alternatiba ekologiko, ekonomiko, kultural eta sozialetan oinarritutako utopiak irudikatzera.

Uxue Alberdi (Elgoibar, 1984) idazlearen Ibaia lana bildumaren zortzigarren alea izango da, eta Gipuzkoari eskainitako bildumako bigarrena. Fabula berri honetan, Paula Estevez komikigile eta marrazkilariaren laguntzarekin, Usurbilgo hirigintza feminista irudikatu du Alberdik:

Kaleak, etxeak, plazak moldatu zituzten, espazioa antzaldatuz portaerak eraldatzeko. Luz eta Izaro arkitektoak zaharrak dira orain, eta hiltzeko prestatzen ari dira iraganaren memoria gordetzen duen zingiran. Bertako guztiek ez zuten alabaina iragan horren parte hartzerik nahi izan.

 

Izan ere, Gipuzkoako udalerri horrek plan bat jarri du abian Hiri Antolamenduko Plan Orokorrean ikuspegi feminista txertatzeko. Besteak beste, segregazioa, mugikortasuna, zaintzak, saltoki txikiak eta haurren, gazteen zein adinekoen beharrak bezalako gaietan zentratu dira.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago