Loaren kalitateari buruzko ikerketa aitzindaria hasi dute

Erredakzioa 2021ko eka. 21a, 15:49
Urtebete iraungo du azterketak. / Pixabay

Gasteizko Udaleko 200 langilek baino gehiagok parte hartuko dute.

Loaren kalitatea hobetzen lagunduko duen laguntzaile birtual bat sortzeko asmoarekin, Gasteizko Udaleko 200 langile baino gehiago jarduera-eskumuturrekoak hasi dira jasotzen gaur goizean. Asteazkenera arte, neurgailuarekin trebatuko dira boluntarioak eta baliabide elektronikoak erabiltzen ikasiko dute. Era berean, Loaren Unitateko medikuekin harremanetan nola jarri azalduko zaie, behar izanez gero. Prozesu hori amaitu ondoren, urtebete iraungo duen landa-lanari ekingo zaio.

Horretarako, lagina 101 pertsonako bi talde paralelotan banatuko da hasieratik: bata ikerketa-taldea izango da, eta bestea kontrol-taldea. Ikerketa taldeko kideek kontsulta birtuala izango dute astean behin Osakidetzako Loaren Unitateko medikuekin, zuzeneko online txat baten bidez, zalantzak argitzeko eta aholku eta gomendio pertsonalizatuak emateko. Parte-hartzaileen beste erdiak ez du txat sistema baliatuko mediku-taldearekin komunikatzeko. Hala ere, haien eskumuturrekoen datuak astero aztertuko dituzte.

Gaur hasi den probako 202 parte-hartzaileak 18 eta 65 urte bitarteko gizon eta emakumeak dira, osasuntsuak, gutxi edo gaizki lo egiten dutenak, eta loaren arloko patologiarik diagnostikatu edo tratatu gabekoak. Hautatuak izateko, aldez aurretik galdetegi bati erantzun behar izan diote. Orain datuak biltzeko faseari ekingo zaio eta gutxi gorabehera zortzi hilabete iraungo ditu. Lan zientifikoari proiektuaren bazkide teknologikoena gehitu behar zaio. Izan ere puntako enpresa horiek hainbat arlotan adituak dira, hala nola gailu elektronikoen bidez datuak neurtzen, Loaren Unitatearen eta monitorizatutako pertsonen arteko komunikazio-sistema garatzen, edo loari buruzko gomendioak ematen dituen ikaskuntza automatikoko sistemaren konfigurazioan adimen artifiziala erabiltzen.

Hori guztia dela eta, Vitoria-Gasteiz Sleep Smart City proiektua Vitoria-Gasteiz Green Deal delakoaren ekintza nagusietako bat da, hiriaren etorkizunaren aldeko ituna, eta ekonomia berdean, kohesio sozialean eta ingurune naturalaren babesean oinarritzen dena. "Osasunak gero eta paper garrantzitsuagoa izango du eredu ekonomiko berri horretan, eta gure hiriak, Loaren Unitateko langileak bezalako profesionalak egiten ari diren lan bikainari esker, erreferentziazko posizioa lortzeko osagai onenak ditu", adierazi du Gorka Urtaran alkateak Vitoria-Gasteiz Sleep Smart City proiektuaren aurrerapena aurkezteko prentsaurrekoan.

Bioaraba Osasun Ikerketa Institutuko ikertzaile Carlos Egearen arabera, loaren kalitate txarra areagotzen ari den arazo bat da, eta, besteak beste, bizimoduarekin, estres psikosozialarekin, dieta desorekatuarekin eta jarduera fisiko ezarekin du zerikusia. Osasunari dagokionez, gaizki lo egiteak hainbat ondorio ditu, hala nola istripu zerebrobaskularra, gaixotasun koronarioa, hipertentsio arteriala, obesitatea eta 2 motako diabetesa izateko arrisku handiagoa, bai eta hilkortasuna areagotzea ere.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide