Arreta eredu berria ezartzeko proiektu pilotua abiatu du Aldundiak Lakua eta Etxebidea egoitzetan

Erredakzioa 2021ko eka. 17a, 14:34

Emilio Sola eta Iñaki Artaza, 'Gizarea' proiektuaren aurkezpenean. / AFA

Egoiliarren, familien eta profesionalen arteko "harremanetan oinarritutako" eredu berria bultzatu nahi du Aldundiak Arabako egoitzetan. Horretarako, Gizarea izeneko proiektu pilotua jarri dute martxan Lakua eta Etxebidea egoitzetan.

Epe luzeko helburua Gizarte Ongizaterako Foru Erakundearen (GOFE) egoitza guztietan arreta eredu berri bat ezartzea bada ere, proiektu pilotuaren lehen urratsa Arabako bi egoitzatan emango da: dementzia larria duten adinekoetan espezializatutako Lakua egoitzan eta desgaitasun intelektuala duten pertsonentzako Etxebidea egoitzan.

"Eredu berritzailea da, harremanetan oinarrituta dago, pertsonarengan oinarritutako arretaz haratago doa, eta zer nahi edo behar duten adierazi ezin duten taldeetara iritsiko da"; horrela laburbildu du Emilio Sola Gizarte Politiken Saileko foru diputatuak Aldundiak lurraldeko egoitzetan martxan jarri berri duen Gizarea proiektu pilotua.

Eredu berriak, funtsean, zainketak hobetu nahi ditu, baita egoiliarren, senideen, langileen eta komunitatearen arteko harremanak ere, familien zein profesionalen "inplikazio handiagoa" lortzeko. "Laguntza emozionala, afektuak eta enpatia" lehenetsiko dira.

Aurrekariak eta urratsak

Foru diputatuak eredu "berritzailetzat" jo du Gizarea proiektua, eta, azaldu duenez, herrialde anglosaxoietan du jatorria; izan ere, Australian, Kanadan, Amerikako Estatu Batuetan eta Britania Handian, besteak beste, eredu hori ezartzen hasi dira. Gizarte Politiken Sailak proiektua aurkeztu die jada Arabako Gizarte Zerbitzuen Lurralde kontseiluari eta sektorea ordezkatzen duten hainbat elkarteri.

Lehenengo urratsa senideen eta langileen prestakuntza izango da, "beste era batean zain daitekeela ikasteko". Ondoren, helburuak eta adierazleak dituen ezarpen plana egingo da, eta, azkenik, ebaluazioa. "Espero dugu zaintzaren emaitzak nabarmen hobetzea", adierazi du Solak.

Mendekotasunaren gorakada pandemian

Proiektu berriaren aurkezpenean, Emilio Solak ohartarazi du, pandemiaren ondorioz, talde zaurgarrienek senide eta zaintzaileekin zituzten harremanak "desegonkortu eta, batzuetan, ezabatu egin direla" egoitzetan. Gainera, bizi itxaropena igotzeak eragin du mendekotasun larria duten pertsonen ehunekoa igotzea: plazen %40 psikogeriatrikoak dira.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago