Pandemia egoerak erabat nahastu zituen 2020an zehar ospatu behar ziren ikastolen jaiak, eta Amurrion ospatu behar zen 2020ko edizioa amaitutzat emanda, Arabako Ikastolek 2021erako egitasmoen berri eman zuten abenduan jaiaren antolakuntza ardura Laudio ikastolari emanez. Zabal bideak lelopean, hainbat izan dira geroztik antolatutako ekitaldiak. "Ibilbide horretan ikastola herrira zabaltzea izango dugu ardatz, irudimena eta sormena elikatzeko aukerak eskaini nahi ditugu, eta baita ere herriko kaleetatik harago gure ingurumena, gure ondare naturala ezagutu eta zaintzeko ekimenak jorratu", aipatu zuen aurkezpenean ikastolako lehendakari Aiara Murgak.
Lehendabiziko ekitaldia otsailaren 18an antolatu zuten. Bertsolaritza, euskal dantzak, balleta eta zuzeneko musika uztartzen dituen Bakardadeak garaitu zituenak ikuskizuna eskainiko zuten Laudioko Granja kiroldegian; Ameriketara artzain bezala lanera joandako Txomin Malaxetxebarria gazte euskaldunaren bizitza du oinarri lanak.
Martxoaren 14ko ekintzan, 10.000 km baietz! erronkan, laudioarrak euskararen alde mobilizatzea izan zuten helburu. Erronka honek 09:00etatik 19:00ak arte iraun zuen, Zumalakarregi etorbideari nahi beste joan-etorri egiteko xedez, bertaratutakoen artean 10.000km edo gehiago osatu arte. Eta hala izan zen; jende jarioa goiz goizetik abiatu zen eta ez zuen etenik izan egun osoan zehar. 1.800 partaidetza txartel banatu zituzten egunean, eta horietatik 1.465 aurretik izena eman zuten. Guztien artean, 9.400 joan-etorri osatu zituzten 1.200 metroko ibilbidean, orotara 11.280 kilometro osatuz.
Apirilerako, berriz, prest ziren kanta eta bideoklipa, eta aurkezpen ekitaldia egin zuten Lamuza parkeko kasinoan."Osasun krisiak itxitako bide horiek guztiak berriz zabaltzeko garaia da. Eta… ba al dago musikaz zabaltzeko baino modu atseginagorik?", aipatu zuen Jon Bengoetxea Martinez ikastolako zuzendariak.
Maiatzerako orientazio proba zuten prest, baina ekainaren 6ra atzeratu behar izan zuten. Laudioko kaleetan barrena, haur zein heldu, balizen bila aritu ziren goiz osoan zehar.
Elkarlanean
Ekitaldi hauekin batera, beste ikastola batzuekin elkarlanean antolatutako hainbat egitasmo ere izan dira azken hilabeteotan. Otsailaren 18an, esaterako, Liburu Ibiltaria proiektua abiatu zuten Sopelako Ander Deuna Ikastolako DBH3ko ikasleek. Ikastolak Herriari ekimenak sortutako egitasmo hori Nafarroa Oinez ospatu bitartean 21 ikastolatatik igaroko da; ibilbide horretan, aurtengo jaien antolatzaile diren ikastola guztietatik igaroko da. Arabako ikastolen ekarpena Laudio eta Aresketako ikasleek osatu dute.