Gasteizko mobilizazioan udalbatza, Gorka Urtaran alkatea eta hainbat ordezkari instituzional izan dira, hala nola Berdintasun, Justizia eta Gizarte politiketako sailburu Beatriz Artolazabal, Arabako ahaldun nagusi Ramiro Gonzalez edo Emakundeko presidente Izaskun Landaida. Udalak elkartasuna adierazi die familiari eta hurbileko pertsonei, baita indarkeria matxistaren biktima guztiei ere; eta gogorarazi du heriotzek "emakumeenganako indarkeriaren arazoaren alderdi bat baino ez" dutela erakusten.
Laudioko Udalak ere bat egin du Eudelek deitutako premiazko deialdiarekin Anna eta Olivia txikien "gertaera krudela" gaitzesteko. "Emakumeen aurkako indarkeria (bikarioa, psikologikoa, ekonomikoa, fisikoa eta sexuala) emakumeen duintasunaren eta osotasun fisiko eta moralaren aurkako eraso larria da; ondorioz, giza eskubideen urraketa larria eta onartezina", adierazi du Laudioko Udalak, Eudelen adierazpen bateratuari jarraituz.