Argituz, giza eskubideen aldeko elkartea, behatoki independiente baten sorrera bultzatzen ari da, Gasteizen "eskubide ekonomiko, sozial eta kulturalak (EESK) bermatzeko" ahaleginean.
Behatokiak alor honetan lanean ari diren gizarte erakundeen tresna eraginkorra izan nahi du. Erakunde berri honek txostenak egingo ditu Gasteizen eman daitezkeen eskubide urraketak salatzeko; halaber, ondorioak aterako ditu eta gomendioak helaraziko dizkie administrazio publikoko arduradunei eskubide horiek bete daitezen.
Behatokia sortzeko bidean jardunaldiak antolatu ditu Argituz elkarteak, ekainaren 17, 18 eta 19rako Ignacio Aldekoa kultur etxean. Bertan izango dira, besteak beste, Christian Curtis, Nazio Batuen Giza Eskubideetarako Goi Mandatariaren Aholkularia eta Irene Escorihuela Barcelonako EESK Behatokiaren zuzendaria.
Bigarren jardunaldian, ekainaren 18an, Gasteizko eragileak izango dira protagonistak. Mahai-inguru baten bidez Gasteizen eskubide sozialak zenbateraino betetzen diren neurtuko dute. Azken egunean, 19an, etxebizitzaren gaia landuko da Gasteizko Alde Zaharrera bisita eginez.