Landa eta Garaio, udako denboraldirako prest

Erredakzioa 2021ko eka. 10a, 14:00
Seigarren urtez jarraian, Bandera Urdina izango da Garaion eta Landan. / AFA

Udako denboraldia larunbat honetan hasi eta abuztuaren 29ra arte luzatuko da Garaio eta Landako hondartzetan. Seigarren urtez jarraian, Bandera Urdina izango dute biek.

Seigarren urtez jarraian, ekainaren 12an Bandera Urdina izango dute Garaioko –Moskurio eta Salurriaga– eta Landako hondartzek, udako denboraldia estreinatzeko. Ziurtagiri horrek uren kalitatea, garbitasuna, irisgarritasuna eta zerbitzuen kalitatea eta informazioa aintzat hartzen ditu.

Aurten Barrundia udalerriko lehen sektoreko tokiko ekoizleek igo dute bandera. "Gure hondartzak bisitatzen dituzten arabar guztiak zoriondu nahi ditut, euren jarrera eta ingurumenarekiko errespeturik gabe ez bailitzateke posible izango Bandera Urdina bertan seigarren urtez jarraian egotea", adierazi du Josean Galera Ingurumen Saileko diputatuak, bandera igotzeko ekitaldian.

Bainu denboraldia abuztuaren 29ra arte iraungo du, eta lau sorospen postu egongo dira irekita: bi Garaion eta beste bi Landan. Bainulariak, ibiltariak eta txirrindulariak artatuko dituzte bertan, eguerditik 20:00ak arte. Gainera, Covid-19ari aurre egiteko neurrien artean, maskara erabiltzea derrigorrezkoa izango da erabilera komuneko espazioetan eta joan-etorrietan ere; ez da beharrezkoa izango bainuan eta leku jakin batean egon bitartean, betiere segurtasun distantzia bermatuz gero.

Hobekuntza lanak

Azken hilabeteetan, 56.000 euroko hobekuntza jarduketak egin dira Garaioko eta Landako hondartzetan, baita Garaioko parkearen inguruko urtegiaren urertzetan ere. Zehazki, Garaioko Moskurio (Barrundia) eta Salurriaga (Burgu) hondartzetan, irisgarritasuna hobetzeko, ekipamendu sanitarioa berritzeko eta lurzoru irristagaitza instalatzeko lanak egin dira.

Bestalde, Urizarreko penintsulatik igarotzen den Uribarri Ganboako urtegiaren ibilbide berdea egokitzeko eta hobetzeko 167.000 euroko inbertsioak gauzatzen ari dira oraindik, baita Burguko zein Barrundiako udal mugarteetan urtegiaren urertzeko ingurunea egokitzeko eta ingurumena leheneratzeko ere.

Salurriaga, kerik gabeko hondartza

Eusko Jaurlaritzak uda honetan martxan jarritako Kerik gabeko hondartzak esperientzia pilotuan parte hartuko du Burguko Salurriaga hondartzak, EAEko beste lau hondartzarekin batera. Kanpainaren helburua da hondartzetan tabakoaren kontsumoa desnormalizatzea eta kontsumo pasiboa saihestea, adingabe asko dauden aisialdi inguruneak baitira. Gainera, zigarrokinak hondartzetako objektu kutsatzailerik ohikoenak izateari uztea lortu nahi dute.

Zerbitzu ugari

Aurreko urteetan bezala, Garaion eta Landan aulki anfibioen zerbitzua izango da, sorospen postuetako ordutegi beran, mugikortasun urriko pertsonak errazago bainatu ahal izan daitezen. Horrez gain, Garaioko parkean bizikletak alokatzeko postu bat jarriko dute datorren larunbatetik aurrera; 10:00etatik 19:30era bitartean egongo da zabalik.

Hondartzek erabiltzaileentzako informazio eta ingurumen hezkuntzako zerbitzua ere izango dute, Garaioko informazio bulegoan eta Landan jarriko den informazio gune batean.

Gainera, udarako jarduera sorta zabala antolatu dute: bisita gidatuak, sentsibilizazio kanpainak eta udako tailerrak. Tailerren programak bost aukera eskainiko ditu aurten, batez ere familientzat: Orienta zaitez Garaion, Ginkana berdea, Hegaztiak ezagutu!, Uraren sekretuak eta Intsektuak gure etsaiak dira?

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide