Ekainaren 18an aurkeztuko dituzte Taulara lehiaketako irabazleen lanak

Erredakzioa 2021ko eka. 10a, 14:33
'Euskal western bat' taularatuko du Imperfeccionismo Mágico taldeak. / I. M

Lehendabiziko saiorako gonbidapen guztiak agortu dira, eta bigarren bat antolatu dute; 20:00etan, Oihaneder Euskararen Etxean.

Taulara izeneko lehiaketak, formatu txikiko antzerki-lan eta bakarrizketa lehiaketak, Euskal Herriko leku ezberdinetatik heldutako hamazazpi proposamen jaso ditu, eta hiru dira epaimahaiak aukeratukoak: Artekartu konpainiaren Hauts artean; Mikel Sarasolaren Izan nahia eta Imperfeccionismo Mágico konpainiaren Euskal western bat. Ekainaren 18an aurkeztuko dituzte hirurak Oihaneder Euskararen Etxean.

Lan bakoitzak 600€-ko saria jasoko du, eta, gainera, antzezlanak ikustera bertaratzen diren ikusleek publikoaren saria nori eman erabakiko dute. Aurkezpen hauetarako gonbidapen guztiak agortu direnez, bigarren saio bat eskainiko da 20:00etatik aurrera. Gonbidapenak ekainaren 11n jarriko dira eskuragarri.

Oihaneder Euskararen Etxearen eskutik antolatutako deialdi honek antzerki munduko norbanakoei eta taldeei zuzendutako deialdia da, eta euskarazko antzezlan laburren sormena suspertu nahi du. Lehiaketako lehen edizio honetan hamasei proposamen aurkeztu dira: sei Gipuzkoatik eta bosna Bizkaia eta Arabatik. Hamazazpigarrena, Madriletik jaso dute. Epaimahaiak kalitatea eta antzezgarritasuna, deialdi honetarako beren-beregi sortutako proposamena izatea, genero ikuspegia eta emakumeen eta 35 urtetik beherako gazteen presentzia hartu ditu irizpidetzat lanak aukeratzeko orduan.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide