Iradier Arenan eta Principal Antzokian ospatuko da 44. Jazzaldia

Erredakzioa 2021ko eka. 9a, 11:30
Itamar Borochov tronpeta jotzaile israeldarra. / Argazkia: In Vivo

Gasteizko Jazzaldiak bi agertoki izango ditu uztailaren 14tik 18ra bitartean. Besteak beste, Anne Paceo eta Antonio Sanchez bateria jotzaileak eta Letter One Rising Stars sariaren irabazle Itamar Borochov izango dira oholtza gainean.

Nazioarteko musikariak eta estatuko jazz aukeraketa zaindua izango dira Gasteizko Jazzaldiaren 44. edizioaren ezaugarria. Pandemiagatik 2020an atzeratu behar izandako jaialdia berreskuratu eta osasun egoerari egokitutako formatuarekin egingo dute uztailaren 14tik 18ra bitartean, asteazkenetik igandera.

Horretarako, bi agertoki izango ditu Jazzaldiak. Alde batetik, Iradier Arenako kontzertuak eguerdian eta arratsalde-gauean izango dira, bestetik, Principal Antzokian ere izango dira arratsaldeko ohiko emanaldiak.

Arratsaldeak Iradier Arenan

Iradier Arenako oholtza gainean arituko diren izen handiko artistei dagokienez, besteak beste, Letter One Rising Stars jazz sariaren irabazle Itamar Borochov izango dugu. Tronpeta jotzaile israeldarraren zuzenekoaz gozatzeko aukera izango duen estatuko agertoki bakarra izango da Iradier Arena, hilaren 14an. Atlantic Bridge musika proiektuak osatuko du emanaldia.

Letter One Rising Stars sariaren aurreko edizioaren irabazle Kathrine Windfeld daniar piano jotzailea ere izango da jaialdian, eta boskotean igoko da Iradier Arenako agertokira, hilaren 16an. Europako jazzaren erreferente Moises P. Sanchez piano jotzaile madrildarraren emanaldiarekin amaituko da ostirala.

Pandemiaren bilakaeraren hobekuntzari esker, nazioarteko hainbat musikari izango dira Gasteizen. Besteak beste, iaz aurreikusitako bi izen mantendu ditu Jazzaldiak: Anne Paceo (Frantzia) eta bost Grammyren irabazle Antonio Sanchez (Mexiko); Sanchez laukotean arituko da. Horiez gain, Thumbscrew talde estatubatuarrak ere Gasteizen jotzeko aukera izango du.

Pablo Martin Caminero gasteiztarra buru duen Al Toque hirukoteak irekiko du osteguneko saioa, flamenkoa eta jazza uztartuz.

 

Iradier Arenako eguerdiak

Goizeko saioak jazza gazteengana hurbiltzeko pentsatuta daude bereziki. Lehen zatietan, asteazkenetik ostiralera bitartean, sortzen ari den talentua erakusteko aukera izango dute Gasteizko eta Nafarroako musika eskolek. Bigarren zatietan, berriz, jaialdiak programa gaurkotua eta erakargarria osatu dute, jazz musikara hurbildu nahi duten zaleak erakartzeko.

Fran Serrano kontrabaxu jotzaileak jazzean eta beste genero batzuetako zertzeladetan oinarritutako bere lanekin irekiko du saioa asteazkenean. Ondoren, Daniel Lopez de Parizaren Dan in a Box eta SPA taldeek joko dute ostegunean. Larunbatean zikloa itxiko da, gospel eta souletik afrikar musikara bidaiatuz The Sey Sisters ahots beltzen hirukotearekin eta, ondoren, DORAren ahots gaztearekin.  

 

Principal Antzokiko arratsaldeak

Aurtengo Jazzaldiak Principal Antzokiko agertokia ere berreskuratuko du, eta arratsaldero, 17:45etik aurrera, egungo jazz musikarien proposamen berritzaile eta freskoenez gozatu ahal izango da.

Miguel Salvador gitarrista bilbotarrak irekiko du zikloa asteazkenean, hilaren 14an, Diez años después lana aurkezteko. Ostegunean, Gonzalo del Val bateria jotzaileak Cancionero bere azken diskoa aurkeztuko du, Marco Mezquidaren pianoaren, David Mengualen kontrabaxuaren eta Benet Paleten tronpetaren laguntzarekin.

Hilaren 16an, Perico Sambeat, Javier Colina eta Marc Miraltaren CMS hirukoteak bere 15. urteurrena ospatuko du Principaleko agertokian. Hurrengo egunean, Lucia Martinez eta The Fearless bere taldearen izango dira. Igandean, jazz garaikideko talderik erakargarrienetako batek, Maciej Obara laukoteak, amaiera emango dio 44. edizioari amaiera emateko.

 

Sarrerak

Sarrerak jazzvitoria.com webgune berrituan salgai jarriko dira datorren asteartean, ekainaren 15ean. Prezioa 5 eurokoa izango da eguerdiko saioetarako, 15 eurokoa arratsaldeko kontzertuetarako eta 30 eurokoa arratsaldeko saio bikoitzetarako. Abonuak ere hartu ahal izango dira, 55 eurotan Principal Antzokiko bost kontzertuetarako eta 85 eurotan Iradier Arenako gaueko zortzi kontzertuetarako. Halaber, jazz musika gazteenengana hurbiltzeko asmoz, deskontuak egongo dira 25 urtetik beherakoentzat.

Ale Giorgini ilustratzaile italiarrak diseinatu du 44. edizioaren kartela. / JAZZALDIA

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide