Bai Euskarari eta Eusko elkarteak euskara biziarazteko elkartzen dira!

Euskarak bizitzen jarraitzeko aukera guztiak izango ditu kolektiboki zaindu behar dugula erabakitzen badugu. Hizkuntzek giza historian zehar, agertuz, aldatuz edo desagertuz etengabeko bilakaerak jasaiten dituzte. Bizkitartean, azken hamarkada horietan, mundua hizkuntza-aniztasunaren galeraren azkartzea bizitzen ari da. Hizkuntzalarien arabera, XXI. mendean zehar, gaur egun munduan existitzen diren 7.000 hizkuntzetariko erdia desagertzeko arriskuan da. Galera handi eta garrantzitsua beraz, hizkuntza bat ez baita komunikabide hutsa, pentsatzeko modu bat, mundua ikusteko molde bat eta kultura bat ere da.

Euskal Herria identitate kultural sendoa duen lurraldea da, eta hizkuntza erdigunean kokatua da. Izan ere, euskaldunok gure hizkuntzaren arabera definitzen dugu gure burua: “euskaldun” hitzak “euskara duena” erran nahi du, euskararen jabe dena. Gogoratu dezagun, halaber, euskara Europako hizkuntza zaharrenetariko bat dela, indoeuropar hizkuntzak agertu aurrekoa. Benetako isolamendu linguistikoa, eta bere jatorria gaur egun ere oraindik ezezaguna gelditzen da.

Bi elkarteen arteko lankidetza-hitzarmena berritu da

Altxor historiko, linguistiko eta kultural hori biziarazteko helburua partekaturik, Bai Euskarari eta Euskal Moneta elkarteek haien lankidetza-hitzarmena berritu dute, eta bakoitzaren ekintzak indartzeko, sostengatzeko eta sustatzeko ahaleginak egingo dituzte. Horrez gain, elkarte bat edo besteko kide den egitura batek beste dinamikarekin bat egin nahi balu, prezio murriztua eskuratuko luke.

Bi elkarte horiek, beren jardueren bitartez, eremu profesionalean zein publikoan euskarak duen presentzia indartzen dute. Adin guzietako ikasleen laguntzeaz aratago, gure erronka Euskara eguneroko komunikazio hizkuntza dela erakustea da.

Euskal Moneta: dinamika ekologikoa, solidarioa eta kulturala

Euskal Moneta Ipar Euskal Herriko tokiko moneta da, 2013an abiatua, bi helburu nagusirekin: ekonomia birkokatzea eta euskararen erabilera publikoa sustatzea. Izan ere, proiektu ekonomiko hutsa baino askoz gehiago, Europako lehen tokiko monetak lurralde dinamika ekologikoa, solidarioa eta kulturala osatzen du eta bertan euskarak leku nagusia du. Noski, Eusko kidetzeko euskara jakitea beharrezkoa ez den arren, norberak euskararen presentziaren sustapenean parte-har dezake bere mailan eta ahal duen neurrian. Horretarako, tokiko moneta onartzen duten profesionalek bi desafioren betetzera engaiatzen dira: afitxaketa elebiduna edota euskarazko harrera. Merkatarien euskara maila erakusleihoetan ezarritako “Hemen euskoz ordaindu” pegatinen bitartez agerian utzia da. “Lehen hitza euskaraz”: euskara ez dakitenentzat edo elkarrizketa bat euskaraz jarraitzeko beharrezko hizkuntza gaitasuna ez dutenentzat, edo “Euskaraz”, % 100ean euskaraz egina den harrerarentzat. Horrela, Eusko sareko 1.200 profesionaletatik 400 baino gehiagotan euskaraz hitz egin daiteke. Afitxaketa elebidunari dagokionez, 250 saltokik jarri dute martxan, eta 750 dira prozesuan engaiatu direnak.

Euskara biziarazteko lanean

Euskara biziaraztea eguneroko erronka eta engaiamendua da. Bai Euskarari eta Euskal Moneta elkarteen arteko lankidetzak arlo profesionalean eta bizi publikoan arreta emanez horretan laguntzen badu, beste egitura askok helburu komun horretan parte hartzen dute, kultura, kirola, musika, komunikabideak edo irakaskuntza bezalako esparru anitzetan.

Euskalduna izan ala ez:  denok dugu zeregin euskara,  benetako aberastasun linguistiko eta kulturala, zaintzeko!

Osorik irakurri

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago