Daniel Broncano, Antzinako Musika Astearen zuzendari artistiko berria

Erredakzioa 2021ko eka. 8a, 13:20
Ana del Val Kultura diputatua eta Daniel Broncano zuzendari artistikoa. / AFA

Aurtengo Arabako Antzinako Musikaren Astea irailaren 4tik 11ra bitartean ospatuko da, eta Daniel Broncano hautatu dute jaialdiaren zuzendari artistiko berria izateko.

Aldundiak antolatutako kultura programen artean finkatuenetako bat da Arabako Antzinako Musikaren Astea, eta 2022an 40. edizioa izango du. Urtero, Erdi Aroko, Errenazimentuko eta Barrokoko antzinako musikarik onena eskaintzen du, nagusiki Europakoa, baina baita beste musika tradizio batzuetakoa ere.

Urtero iraileko lehen hamabostaldian antolatu ohi da, eta aurten irailaren 4tik 11ra bitartean ospatuko da, Arabako hainbat agertokitan. Horietako hiru Gasteizen daude: Santa Maria katedrala, Done Petri Apostoluaren eliza eta Arabako Arte Ederren Museoa. Baina Arabako beste herri batzuetan ere izango da jaialdia.

Daniel Broncano, zuzendari berria

Bigarren aldia da jaialdiak zuzendari artistikoa izango duela (iaz Carmen Martinez Guerrak bete zuen eginkizuna), baina Daniel Broncano (Jaen, 1986) lehiaketa bidez hautatutako lehena izango da. La Resistencia telebista saio ospetsuaren aurkezlearen anaia izateaz gain, 2013tik aire zabalean 15.000 pertsona baino gehiago biltzen dituen Música en Segura jaialdi arrakastatsuaren sortzailea da Broncano.

"Jaialdiaren eredua indartu eta eguneratzeko asmoz" abiatutako lehiaketara sei hautagaitza aurkeztu ziren, eta horien artean aukeratu dute Daniel Broncano. "Hunkituta nago Arabako Antzinako Musika Astearekin bat egiteagatik, arabarrentzat eta bisitarientzat esanguratsua izango den jaialdi bat sustatzeko aukera izugarria dagoen une honetan", adierazi du zuzendari artistiko berriak. "Arabako ondare historiko, artistiko, landatar eta natural zabala antzinako musikako kontzertuak egiteko ametsetako agertokia da. Astea lurraldeko txoko gehiagotara irits dadin lan egingo dugu, publiko berriengana hel dadin eta musika historikoen Europako erreferentzia izan dadin"

Kontratuak urtebeteko iraupena izango du momentuz, baina hiru urtez luza daiteke. Orain, zuzendaritza artistikoak "kalitate eta bikaintasun artistikoaren irizpideekin bat datorren" programazio proposamena egingo du, eta Kultura Ekintza Zerbitzuarekin kontrastatuko du aurkeztu aurretik.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide