Arabako arkeologia berriak ezagutzeko sei bisita gidatu

Erredakzioa 2021ko eka. 7a, 12:00
Gerra Zibilaren arrastoak Amurrioko Askuren mendian. / AAI

Urrira bitartean, arkeologia berriak ezagutarazteko sei bisita gidatu antolatu ditu Arkeologiarako Arabar Institutuak (AAI). Lehenbizikoa igande honetan Mendialdea zeharkatuko duen ibilaldi bat izango da.

Arkeologiarako Arabar Institutuak (AAI) ekainetik urrira bitartean antolatu duen bisita gidatuen programan, arkeologia berriak aztertzeko eta interpretatzeko modu berriak eta hain ezagunak ez diren arkeologia gaien ikerketa ezagutuko dituzte. "Hain ezagunak ez zaizkigun aldi historikoak ere ezagutuko ditugu, oharkabean pasatzen zaizkigun gure ondarearen alderdiak testuinguruan kokatzen eta hobeto ulertzen lagunduko digutenak", azaldu du IAAk.

Helburu horrekin, beraz, sei bisita gidatu antolatu dituzte datozen hilabeteetarako. Irteera horiek guztiak Araban proiektu arkeologikoak zuzentzen dituzten arkeologia zein historiako ikertzaile eta profesional gazteek zuzenduko dituzte. Ikertzaile horiek bisitatuko diren gune eta aztarnategiekin lotura zuzena dute, bertan ikerketa, indusketa edo azterketa lanak egiten ari direlako. Hortaz, gure lurralde historikoan egiten ari diren aurkikuntzak zuzenean ezagutu ahal izango dira.

1. Ekainaren 13an: Mendialdeko bideak

Francisco Gomez-Diezek inguruko egungo paisaia ulertzen lagunduko du, Arabatik igarotzen diren bide historikoetako batzuk zeharkatuz. Oraingo honetan, Bernedo-Kripan ingurutik.

Bisita Bernedoko plaza nagusitik abiatuko da, eta mendate berrira doan bidean gora egingo du, mendilerrotik. Bernedoko gaztelura igoko dira, ibilaldiaren kokapen geografiko zein historikoa egiteko. Ondoren, XVIII. mendeko azpiegituraren ezaugarriak azaltzeko eta haren ondare-balioa ezagutzeko hainbat geldialdi egingo dituzte. Azkenik, bidea isurialde batetik bestera igaro ahal izateko mendilerroaren gailurrean egindako lur-erauzketa ikusgarria ikusi ahal izango da. Bertatik, Mendialdeko eta Arabako Errioxako panoramika bikaina ikusi ahal izango da.

2. Ekainaren 27an: Babioko Kastroa (Izoria)

Jon Obaldia Burdin Aroan espezializatzen ari da, Izoriako (Aiara udalerrian) Babioko Kastroan egindako ikerketaren bidez.

Babioko herrixka gotortua 1981az geroztik da ezaguna, Brontze Aroko barruti gotortu bezala katalogatu ondoren. 1982an egindako arkeologia lanen ondoren, aztarnategia ia oharkabean igaro da gaur egun arte. 2018. urteaz geroztik, hainbat esku-hartze arkeologiko egiten ari dira Aiarako kokagune hori hobeto ezagutzeko.

3. Uztailaren 24an: Balantziegoko harpea (Kripan)

Maite Garcia-Rojas doktoreak indusketaren barrutik azalduko du nola egiten eta garatzen den Balantziegoko harpea (Kripan) bezalako proiektu arkeologiko bat. Izan ere, 2020an hasitako indusketak emaitza bikainak ematen ari dira. Aztarnategi hau berezia da orain arteko erregistro arkeologikoaren barruan, neolitikoa baino lehenagoko ehiztari-komunitateen lehen ebidentziak biltzen baititu. Horrez gain, Toloño mendilerroko historiaurre berriaz eta neolitizazio prozesuaz hitz egingo dute.

4. Irailaren 12an: Askurengo gotorlekua (Amurrio)

Josu Santamarinak, Amurrioko Askuren mendian egin dituen irakurketen bidez, lubakiz, babesleku antiaereoz eta oso ondo kontserbatutako hormigoizko bunkerrez osatutako paisaia azalduko du, Espainiako Gerra Zibilaren barruko Euskal Herriko borroketara atzera eginez.

Lau indusketa kanpaina egin dira bertan 2016tik, eta, horiei esker, espazio horri buruzko informazio garrantzitsua eta argitaragabea lortu da. Eremu hori bi aldiz izan zen gudu eremu: 1936ko abenduan eta 1937ko maiatzean. Eusko Gudarosteak ere gotortu zuen, frontearen lehen lerroko defentsa-posizio gisa.

5. Urriaren 2an: Karlistaldiaren aztarnak Guardian

Bosgarren bisitan, Gorka Martinen eskutik, Guardian Karlistadetatik geratzen diren aztarna materialak ikusi ahal izango dira. Guardiako hiribildua oso ezaguna da Erdi Aroko ondare aberatsagatik, bereziki bere kaleak estaltzen dituzten inguruko harresi eta dorreengatik. Hala ere, bere alde zaharrean ezkutatuta, oraindik ikus daitezke azken Karlistaldian (1872-1876) jasan zituen setio eta guduen ondorioak.

6. Urriaren 16an: Eltziegoko upategiak

Lurraren barrualdetik, Leandro Sanchez Zufiaurre doktoreak azalduko du arkeologia praktika nola laguntzen ari den Arabako Errioxako zein Errioxako lurpeko upeltegi zaharrei buruz dugun ezagutza hobetzen, Eltziegoko adibidearen bidez.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide