Arabako Artxiboa martxan, agiritegia eta artxibo historikoa bateratuta

Erredakzioa 2021ko eka. 4a, 13:30
Kultura Saileko foru diputatu Ana del Val, Agiritegi Zerbitzuaren egoitzan. / AFA

Arabako Lurralde Historikoaren Agiritegiak eta Arabako Probintzia Artxibo Historikoak bat egin dute Arabako Artxiboan.

Ostegun honetan, Ana del Val Kultura Saileko foru diputatuak iragarri du Agiritegi Zerbitzuaren Zumakadi ibilbideko egoitzan: zerbitzuak erakunde nortasun eta izen berria izango du, Arabako Artxiboa bateratzeko prozesuari amaiera emanez. Prentsaurrekoan, legegintzaldiaren hasieratik hona egindako bateratze lanen berri eman du, eta zerbitzuaren etorkizuneko erronkak aurkeztu.

Izan ere, Arabako Probintzia Artxibo Historikoa Espainiako Gobernuaren eskutik Foru Aldundiaren kudeaketara igaro zen 2018ko uztailean. Orduan, Kultura Sailaren legegintzaldiko lehen erabakietako bat, 2019ko abuztuan, baliabideak eta zerbitzua optimizatzea izan zen. Horren adibide izan da jendearen harrera Zumakadi ibilbidean biltzea, eta hara eraman dira bertatik bertara kontsultatzekoak diren agiri historiko guztiak.

Azken bi urteetan ia hiru kilometro agiri lekualdatu dira. 2019an, instalazioak baliabidez gainezka zeuden, baina lekualdatze prozesu horri esker, 2020an bakarrik, artxibatzeke zeuden 3.370 kutxa inguru sartu ahal izan dira.

"EAEn dauden agiritegi azpiegiturarik onenetako bat da, zeinak, beste eraikinarekin batera, aukera ematen baitio Aldundiari gaur egun lehen mailako ekipamendua izateko eta, agirien kontserbazio eta kudeaketaren arloan, lan egiteko aukera handiak izateko", azaldu du Del Valek.

Erakunde nortasun berria

Arabako Lurralde Historikoaren Agiritegia eta Arabako Probintzia Artxibo Historikoa bateratu ostean, identifikatzaile berri baten beharra atzeman dute, zerbitzuaren helburu nagusietako bat betetzeko: "Haren lanen berri zabaldu eta jendarteratzeko, eta, era berean, bat egitea adierazteko", adierazi du Del Valek.

Zuri-beltzezko logotipo berriak "artxibo" hitzaren adiera hirukoitza jaso nahi izan du: hura eratzen duen agiri funtsa, gordetzen duen eraikina eta kudeatzen eta administratzen duen erakundea. Horregatik dakar eraikinaren irudia erreferente bisual gisa eta izen berria argi ikusteko moduan.

Etorkizuneko erronkak

Bateratze lanak amaitu dira, baina Arabako Artxiboaren etorkizuneko erronken abiapuntu baino ez da izan. Berehalako helburu nagusia zerbitzuak gordetzen duen ondare altxorraren zabalkundean eta jendarteratzean sakontzea izango du.

Horretarako, hainbat eginbehar zehaztu dituzte herritar espezializatuei edo ikertzaileei dagokienez:

  • Egunez egun gero eta inbentario eta katalogo hobeak jartzea haien eskura, bai kontsulta gelan, bai artxiboaren web orri berrituan.
  • Zabalkunderako tresna nagusia den Arabadok atariaren edukiak gehitzea Arabako Probintzia Artxibo Historikoaren edukiekin: 2021ean bakarrik, 1930etik 1950era bitarteko foru agirien 50.000 deskripzio baino gehiago argitaratu dira, eta datozen asteetan 1520tik 1920ra bitartean Araban egindako notario eskriturei dagozkien 30.000 erregistro argitaratuko dira. Hori dela eta, kontsulta kopurua nabarmen areagotuko dela espero da.
  • Gainera, legegintzaldian zehar, foru agiri elektronikoaren kontserbaziorako eredu propio bat ezartzeko asmoa dago.

Bestalde, bi helburu nagusi zehaztu dituzte herritarrei dagokienez:

  • Arabako Artxiboak duen argazki ondarearen berariazko atari bat prestatuko da, gaur egun zati txiki bat baino ezin baita kontsultatu Internet bidez.
  • Gainera, jarduerak antolatuko dira, hala nola taldeentzako bisita gidatuak, lantegiak eta lankidetza ikastaroak, eta bi urtean behingo erakusketak egiten hasiko da, besteak beste.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide