Arabako konpainia eta sortzaileek Max sarietarako hamahiru izendapen lortu dituzte

Erredakzioa 2021ko eka. 4a, 10:00
Larrua Proiektuaren 'Otsoa' dantza ikuskizunaren irudi bat. / LARRUA

Larrua Proiektuaren Otsoa ikuskizuna bost kategoriatan lehiatuko da, eta Teatro Paraiso konpainiaren Uniko umeentzako antzezlanak lau izendapen lortu ditu. Iñaki Rikarte, Garazi Lopez de Armentia eta David Alkorta ere urriaren 4an lehiatuko dira Arriaga Antzokian.

SGAE Fundazioak dantza eta antzerkian egindako lana aitortzeko antolatutako Max sarien XXIV. edizioak hamahiru izendapen utzi ditu Arabako konpainia eta sortzaileen artean.

Larrua Proiektua dantza konpainiak bost izendapen lortu ditu Otsoa ikuskizunarekin, horien artean dantza ikuskizun onenarena. Teatro Paraisok beste lau, Uniko umeentzako antzezlanarekin, horien artean haurrentzako, gazteentzako edo familientzako ikuskizunik onenarena.

Baratza aretoko Garazi Lopez de Armentia koreografo eta dantzari gasteiztarra Gorpuztu lanarekin lehiatuko da egile berri onenaren saria lortzeko, Eva Guerrerorekin batera. David Alkorta argiztapen diseinu onenaren sarirako hautagai da, Ama kuraia lanagatik. Eta, azkenik, Iñaki Rikarte aktore eta zuzendari gasteiztarrak bi izendapen lortu ditu berriro, Quitamiedos (autore onena) eta De Gernika a NY pasar por Berlin (aktore onena) lanengatik.

Arte eszenikoen arloko 439 lan aurkeztu dira guztira, eta horietatik 191k lortu dute izendapen bat edo beste.

Otsoa (Larrua Proiektua)

Honako hauek dira Larrua Proiektuaren Otsoa ikuskizunak lortutako bost izendapenak:

  • Dantza ikuskizun onena
  • Koreografiarik onena (Jordi Vilaseca)
  • Emakumezkoen dantza interpretaziorik onena (Helena Wilhelmsson)
  • Emakumezko aktore onena (Begon Marti)
  • Ikuskizun eszenikorako musika-konposizio onena (Luis Miguel Cobo)

Teaser Otsoa from Proyecto Larrua on Vimeo.

Uniko (Teatro Paraiso)

Honako hauek dira Teatro Paraiso antzerki konpainiaren Uniko lanak lortutako lau izendapenak:

  • Haurrentzako, gazteentzako edo familientzako ikuskizunik onena
  • Ikuskizun eszenikorako musika-konposizio onena (Bingen Mendizabal)
  • Espazio eszenikoaren diseinu onena (Ikerne Gimenez)
  • Aktore onena (Tomas Fernández Alonso)

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide