Maskara musukoa dela diote. Aho-estalkia jarri behar izan dudanetik hauxe bera galdetzen diot nire buruari. Musukoa musuan dagoena da, nire ustez behintzat. Hiztegian begiratu behar.
Euskaltzaindiak dio:
Musu: 1 iz. Adiskidetasuna, maitasuna edo begirunea erakusteko, norbait edo zerbait ezpainez ukitzea.
2 iz. Aurpegia, begitartea; aurpegiaren beheko zatia, aho aldea.
Maskara:
1 iz. Mozorroa.
2 iz. Ahoa eta sudurra estaltzen dituen babesgarria, agente patogenoetatik, toxikoetatik edo hautsetik babesteko erabiltzen dena.
Musukoa:
Ez da emaitzarik aurkitu muxuko bilaketarentzat.
Ez dela emaitzarik aurkitzen? Ba behin eta berriro "sartu" diguten hitza dugu hau.
Agian, euskarak berak duen tapaki edo estalki hitzak ez erabiltzeko bere esanahia zerbait tapatzea edo estaltzea delako? Agian batzuentzat ez dira hitz goxoak izango? Hori txarra da? Ez dut uste, betidanik erabili diren hitzak dira, ezta?
Musukoa ez da tapaki bat, ez. Musukoa sentimenduz eta hitzez betetako kontzeptu bat da: irribarrea, ezpainak, ezpainen hezetasuna, azalaren kolorea, azalaren leuntasuna, azalaren zimurren istorioak, musua bera, gure barrutik ateratzen diren hitz apalak eta bortitzak ere, emandako musuaren zaporea eta zuen buruan aurkitzen dituzuen beste hainbat hitz edo sentimendu ere... Bai sentimendu, musukoa baita musuan duguna....
Musu, pa!,
jarri masaila,
zertarako?
zuri musua emateko
musu-truk?
Musuak txokolatez beteta dituzu.
Txokolatea gustuko dut, eta zure musuan dagoen guztia ere...
Ba, orduan musua ez da musu-truk izango!!
Gorritu zara.
Nik emango dizut musua zure musu gorrietan, pa!!!
Zure ezpainak txokolatea bezain goxoak dira, eta egunero jan nahi dut zure musua, beheko sua, edo goikoa...
Ah! Euskaltzaindiak dio bere hiztegian musukoarekin antza gehien duen hitza musuka dela, eta hona hemen musuka hitzaren esanahia:
1 adb. Musu emanez, musu ematen.
Batarekin eta bestearekin musuka eta laztanka. Elkarri musuka lotu ziren biak. Umetxoa musuka jaten. Atzo musuka ari ziren, egun muturka.
Musukoa musuan dagoena da, eta ez du ezer estaltzen. Ez gorritu, eta tapakia kentzerakoan erabili zure musua nahi duzun eratan...
Jaunak esana!